Politika -

Presoak

Sakabanaketa aktore politiko berrien aurrean salatzea eskatu du Sarek

Horretarako, Bilbon eta Baionan larunbatean deitutako manifestazioa parte hartzeko deia egin du. Espainiako eta Frantziako gobernuek arazoaren aurrean “begiak itxi” dituztela uste dute.

Joseba Azkarraga Sareren bozeramailea. Argazkia: Efe
Joseba Azkarraga Sareren bozeramailea.
Joseba Azkarraga Sareren bozeramailea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare herritarren sareak euskal presoen sakabanaketaren ondorioak "aktore politiko berrien mahai gainean" jartzeko deia egin du, "sufrimendu harri handia" delakoan.

Joseba Azkarraga eta Teresa Toda Sareren bozeramaileek Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, egungo kartzela politikak ez ditu presoen eta senideen "eskubideak errespetatzen". "Harri itzela eta pisutsua da, duela 27 urtetik, pertsona horien eskubideak zanpatzen dituzte eta, zeharka, euskal gizartearenak", kritikatu dute.

Gainera, ohartarazi dute "zaila" dela "demokratikoa dela dioen gizarte batek beste alde batera begiratzea horrenbeste eskubide urratzen dituztenean", eta gogorarazi dute "sakabanaketa politikak 16 hildako eta hamaika zauritu utzi dituela kartzelara joateko bide luzeetan".

Toda eta Azkarragak azpimarratu du "gizarte honen gehiengo zabala" dagoela "mendekuan oinarritutako kartzela politika ankerraren aurka". Gainera, Espainiako Gobernuak "barne legedia eta Europar Batasunarena" betetzen ez dituela salatu du.

Azkenik, giza eskubideen aldeko eta sakabanaketaren kontrako herritar guztiei larunbatean Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die, "bideko harriak kentzen joateko".

ELAk bat egin du

Horren harira, ELA sindikatuak Sarek eta Bagoazek deitutako protesta ekitaldietan parte hartzeko eskatu die afiliatu guztiei.

Sindikatuak prentsa-ohar batean azaldu duenez, "onartezina" da borroka armatua "aldebakarrez" baztertu eta lau urtera, "Euskal Herriaren kontrako estatu itunari eusten dioten indar politikoek inolako pausorik ez ematea kartzela politika gizatiartzeko eta demokratizatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Bizkaiko albisteak Iparraldea bideoak EAE albisteak Presoak argazkiak Baiona Eguneko albisteak