Politika -
Gabon zaharreko mezua
'Autogobernuan aurrera egitea' izango du helburu Urkulluk 2016an
2016an Donostia Europako Kultur hiriburu izango dela eta lehen Jaurlaritza sortu zenetik 80 urte beteko direla gogorarazi du lehendakariak.
eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak ''eraikitakoa defendatu'' eta 2016an ''autogobernuan aurrera egiten jarraitzeko'' deia egin du, ''lankidetza eta partaidetzatik abiatuta'', eta ''betiere politika era erakunde-ordezkariek erabaki eta euskal gizarteak legez berretsi ondoren''.
Gabon zaharreko mezuan, agintariak gogorarazi du 2016an 80 urte beteko direla lehen Eusko Jaurlaritza sortu zenetik, eta Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren ondarea aldarrikatu du. Hauxe dela zehaztu du: ''Euskadiren erakundetzea; pertsona, humanismoaren balioak eta gizarte justizia ardatz dituen politika; kultura eta euskararekiko konpromisoa; foru lurraldeen eskubide historikoak oinarri hartuta, herrialdea egunez egun eraikitzeko proiektua, konpromiso nazionalean eta konpromiso sozialean finkatutakoa''.
Halaber, 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburu izango dela ere gogorarazi du. ''Herri proiektu bat'' da, ''elkarbizitza sustatu beharra indartuko duena'', nabarmendu du.
''Euskadi kultura eta aukera herri bat da, modernoa eta lehiakorra, elkartasun izpiritu irekia duena; eta horrela aurkeztuko du bere burua 2016an Europaren aurrean'', gaineratu du.
Bestalde, Urkulluren esanetan, Jaurlaritzak ''aurrerantzean ere pertsona helburu izaten jarraituko du''. ''Osasun eta Hezkuntzaren zerbitzu publikoak eta gehien behar duten familia eta pertsonen babesa, baita segurtasuna ere, bermatuta egongo dira aurrerantzean ere'', esan du.
Egoera ekonomikoari dagokionez, gobernuburuak azaldu du 2015ean ''ekonomia suspertzen hasi'' dela, eta ''joera hori finkatzea'' dela orain ''gure zeregina''. Hori horrela, ''hazkuntzarako eta enplegurako politika ekonomikoaren kemenari'' eutsiko diotela aurreratu du. Era berean, ''kalitate handiagoko enplegu-aukerak'' sortzeko lanean ari direla erantsi du.
Gainera, mezuan, lehendakariak ''gatazkak sortzen diren lekuan'' konpontzea eskatu du, terrorismo jihadista saihesteko; errefuxiatuei ''irtenbideak'' eskaintzeko deia egin du; eta ''gizonen eta emakumeen benetako aukera berdintasunaren alde'' agertu da.
''Beste urte bat hasiko da laster, jarrai dezagun lanean elkarrekin, Euskadi elkarbizitzaren herria izan dadin, giza garapenaren eta garapen jasangarriaren eredua izan dadin. Mundura zabalik dagoen Euskadi, kulturaren alde egiten duen herria, hori baita bizikidetzarako eta elkarbizitzarako oinarria'', bukatu du.