Politika -
Gobernu bilera
Jaurlaritza, EH Bilduren Kontsulta Legea eztabaidatzearen alde
Josu Erkoreka bozeramaileak zehaztu duenez, taldeei dagokie eztabaida Autogobernuaren Lantaldeak ondorioak atera aurretik edo ostean egingo den erabakitzea.
EITB.EUS
EH Bilduk berriki aurkeztutako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Herritarrak Ahalduntzeko Lege proposamena edo Kontsulta Legea aintzat hartu, eta Legebiltzarkidean eztabaidatzearen alde agertu da gaur Eusko Jaurlaritza, gobernu bileran adostutako akordio baten bitartez.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak eman du erabakiaren berri, Lakuan egindako batzarraren ondotik eskaini ohi duen prentsaurrekoan.
Erkorekak azaldu duenez, Jaurlaritzarentzat "positiboa" da taldeek zuzeneko demokraziari eta gai publikoen inguruko parte-hartzeari buruzko araudiaren inguruan eztabaidatzea, eta Urkullu buru duen gobernuak prestatutako bi lege-proiektutan herritarren parte-hartzea bultzatzeko alderdi batzuk arautzeko artikuluak daudela nabamendu du.
EH Bilduk aurkeztutako lege-proposamenari dagokionez, Erkorekak zehaztu du talde parlamentarioek erabaki beharko dutela eztabaida hori Autogobernuaren Lantaldeak bere ondorioak atera baino lehen edo geroago egitea.
Kontsulta Legea abiatzeko ekimenak araubide juridikora egokitzeko orduan izan ditzakeen balizko "hutsuneak" Legebiltzarrean izapidetzen den bitartean agertuko direla nabarmendu du Erkorekak.
Hain justu, balizko hutsune horien inguruan galdetuta, Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ez dutela lege-proposamenaren "azterketa sakona" egin, baina "Konstituzionalean aztergai izan diren beste ekimen batzuen antzekoa da", erantsi du, Kataluniakoa gogoan hartuta.