Politika -

EAE-Nafarroa

Barkosek eta Urkulluk lehenengo bilera 'emankorra' izan dute

Nafarroako presidenteak eta lehendakariak Foru Erkidegoaren eta EAEren arteko harremanak "normaldu" nahi izan dituzte horrela.

Barkos eta Urkullu. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Barkos eta Urkullu.
Barkos eta Urkullu bi erkidegoen arteko harremanak sendotu nahian

1:27

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak lehenengo bilera ofiziala izan dute gaur Iruñean, eta biek adierazi dute "emankorra" izan dela Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean harreman normalizatuak ezartzeko asmoz.

Nafarroako Jauregian egin den bileran zehar agintari biek honako gai hauek jorratu dituzte, besteak beste: Hitzarmen Ekonomikoa eta Euskadiko Kontzertua, ekonomiaren suspertzea, Nafarroan ETBren seinalea LTD bidez hartzea eta hizkuntza arloko gaiak.

Hedabideen aurrean biek batera egin duten agerraldian, Uxue Barkosek adierazi du batzarraren "helburu argia" harremanak normaltzea zela, "erakunde bien arteko elkarlanaean sakonduz, normalak izan behar izan zuten harremanak berreskuratzeko ahaleginean".

Foru Gobernuko buruak azpimarratu egin du erkidego bien arteko harremanetan sakontzeak eskualde bietako "herritarren ongizateari onura" ekarriko diola.

Bere aldetik, Iñigo Urkulluk adierazi du batzarra emankorra izan dela, lehendabizikoa izateko, eta existitzen diren harremanak sendotzeko eta zabaltzeko nahia azaldu du "auzotasun giroan". Horretarako, erkidego biek egun sinatuta dituzten 17 hitzarmenak oinarritzat hartuko dituztela esan du (horietako batzuk indarrean daude eta beste zenbait baliogabetuta daude).

Lehendakariak erkidego biak elkarlanean aritu daitezkeen hainbat esparru aipatu ditu: adibidez, komunikazio-azpiegiturak; hezkuntza eta osasuna; ekonomiaren suspertzea; turismoa, lehen sektorea; kultura eta euskara, eta ekonomia- eta finantza-harremanak.

"Harremanetarako jardunbide iraunkorra"

Modu horretan, Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak "harremanetarako jardunbide iraunkorra" sortu dute, erkidego bietako lantaldez osatutakoa, bientzat interesekoak diren gaiak jorratzeko: autogobernua edota Foru Erkidegoa Akitania-Euskadi euroeskualdean sartzea, kasu.

Horren harira, Uxue Barkosek jakinarazi du datorren astean aipatutako lantaldeak eginbeharrak zehazten hasiko direla.

Iñigo Urkulluk, gainera, "bi erkidegoak elkartzen dituzten lotura historikoak eta kulturalak" nabarmendu ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan beste bilera bat izatera gonbidatu du Barkos.

UPN: "Barkosek ikurrina inposatzen saiatzeko opariarekin hartu du Urkullu"

UPN alderdiko Erakunde Idazkari Oscar Arizcurenek baieztatu duenez, gaur goizean Uxue Barkosek Foru Erkidegoan "ikurrina inposatzen saiatzeko ahalegina" oparitu nahi izan dio Iñigo Urkullu lehendakariari.

Era horretan, Arizcurenek atzo Geroa Baik egin zuen iragarpenari erantzun nahi izan dio. Iragarpen horren arabera, Barkosen alderdiak Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiei sinboloen egungo Foru Legea aldatzea proposatuko die, besteak beste, gehiengo bidez horrela egitea erabakitzen duten Nafarroako erakundeetan ikurrina jartzea ahalbidetzeko.

Horrez gain, kritikatu egin du Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa eta Kontzertu Ekonomikoa "parekatu nahi izatea" (Barkosek eta Urkulluk elkarrekin defendatuko dituztela azaldu baitute); bere esanetan, Nafarroak badaukalako "gaitasun nahikoa" bere Hitzarmena defendatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Albisteak Geroa Bai Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza Uxue Barkos bideoak Gaurko azken ordukoa