Politika -

Konstituzionalaren aurrean

Estatuak etxebizitzaren eta frackingaren euskal legeen kontra joko du

Mariano Rajoyren Gobernuak Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio bi lege horiek Konstituzioaren aurkakoak direla eta, ondorioz, helegiteak aurkeztuko dituela Auzitegi Konstituzionalean.

Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko irudia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko irudia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren gobernuak Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio Konstituzioaren aurkakoak direla Eusko Legebiltzarrak ekainaren 18an eta 30ean onartutako Etxebizitza Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoan frackinga debekatzen duen legea eta, ondorioz, Auzitegi Konstituzionalean bi lege horien kontrako helegiteak aurkeztuko dituela jakinarazi dio.

Aipaturiko bi lege horiek ez dira Eusko Jaurlaritzak bultzatutakoak izan. Etxebizitza Legea EH Bildu, PSE-EE eta UPyD alderdien babesarekin atera zen aurrera; frackingaren aurkako legea, ostera, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdien aldeko botoekin eta EAJren UPyDren abstentzioaren onartu zen.

Espainiako gobernuaren esanetan, bi lege horiek Konstituzioa urratzen dute; zehazki, Rajoyren gobernuak Konstituzioaren aurkakotzat jo ditu Etxebizitza Legeko 14 artikulu eta lehenengoa xedapen gehigarria eta frackingaren kontrako legearen 6 artikulu eta lehen eta bigarren xedapen iragankorrak.

Etxebizitza Legeari dagokionez, Rajoyren gobernuaren esanetan, legeak etxebizitza hutsari buruz egiten duen irakurketa legez kanpokoa da. Are gehiago, etxebizitza huts horiei kanon bereziak jartzea edota etxe horiek alokatzera behartzea Konstituzioaren kontrakoa dela iritzi dio, besteak beste, legedi zibila estatuaren eskumena delako.

Estatuak antzerako argudioak erabili ditu frackinga debekatzen duen euskal legearen kontra ere. Madrilen hitzetan, frackingaren kontrako euskal legeak ez du espreski debekatzen haustura hidraulikoaren teknika, baina helburu hori du. Gaineratu duenez, Espainiako estatuarena da teknika horren gaineko eskumena.

Bestalde, Espainiako gobernuak nabarmendu du beste autonomia erkidegoetan onartu diren antzerako legeei helegitea jarri diela Auzitegi Konstituzionalean eta horietako batzuk bertan behera gelditu direla, esaterako, etxegabetzeen kontrako Andaluziako legea eta frackinga debekatzen zuten Errioxako eta Kantabriako legeak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainako Gobernuaren presidente ohia Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua albisteak Frackinga albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Etxebizitza Gasaren prezioa