Politika -

Akordioa Nafarroan

Itxi dute Nafarroako Gobernu berriaren organigrama

Manu Ayerdi EAJren Nafarroako presidentea eta Miguel Laparra NUPeko irakaslea izango dira presidenteordeak, Gero Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak lotu duten akordioari esker.

Nafarroako Gobernuko kontseilari berriak. Argazkia: EiTB
Nafarroako Gobernuko kontseilari berriak.
Nafarroako Gobernu berria osatuko duten kideen izenak adostu dituzte

1:39

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astetako negoziazioen eta bilera ugariren ondoren, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak Nafarroako Gobernu berria osatuko duten kideen izenak adostu dituzte gaur arratsaldean; hau da, Uxue Barkos presidentearen eta Manu Ayerdi eta Miguel Laparra presidenteordeen kideak nortzuk izango diren.

Manu Ayerdi, Ekonomia presidenteorde izateaz gain, Industria, Berrikuntza eta Garapen; Lan-harreman, Merkataritza, Turismo eta Sustapen kontseilari izango da; Mikel Aranburuk hartuko du, hala ere, Ekonomia eta Ogasun kontseilaritza. Ayerdik, ziurrenik, EAJren Nafarroako presidente kargua utziko du Gobernuan sartzeko, Barkosek ez baitzuen alderdietako agintaririk nahi.

Gobernuan sartzeko, EAJn duen presidentetza eta Nafarroako Parlamentuan duen eserlekua utziko du Ayerdik.

Miguel Laparra NUPeko irakaslearen esku geratuko da Presidenteordetza Soziala, eta Gizarte Politikako, Enpleguko eta Etxebizitzako kontseilari ere izango da.

Gainera, Maria Jose Beaumont Presidentzia kontseilari izango da, eta berea izango da Funtzio Publikoaren, Segurtasunaren, Justiziaren, Larrialdi Agentziaren eta Gobernu Ireki eta Gardenaren ardura.

Gobernuaren bozeramailea Ana Ollo izango da, eta kontseilari kargua izango du Hizkuntza Politikan, Berdintasunean, Bake eta Elkarbizitzan eta Estrategia Bulegoan.

Isabel Elizalde izendatuko dute Nekazaritza Garapenerako kontseilari, eta Udal Administrazioaren, Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren kudeaketa ere hartuko du beregain. Ana Herrera, berriz, Kultura kontseilari izango da, eta Parte-hartzea, Kirola eta Gazteria ere bere esku izango ditu.

Bestalde, Fernando Dominguez eta Jose Luis Mendoza izango dira Osasun eta Hezkuntza kontseilari, hurrenez hurren.

Geroa Bairenak 6, EH Bildurenak 2 eta Ezkerrarena 1

Europa Pressek, alderdietako iturriak aipatuta, jakitera eman duenez, Geroa Baik proposatutakoak hauek dira: Ayerdi, Aranburu, Mendoza, Ollo, Dominguez eta Herrera. EH Bilduk, berriz, Beaumonten eta Elizalderen izenak proposatu ditu. Azkenik, Ezkerrak jarri du mahai gainean Laparraren izena. Ahal Duguk ez omen du izenik proposatu negoziazioetan.

Alderdi guztien adostasuna lortu duten egunean bertan, Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidenteak formalki proposatu du Uxue Barkos presidente kargurako hautagai, eta horretarako bi saioen dataren berri eman du.

Hala, astelehenean izango da inbestidurarako eztabaida, hautagaiaren bozketarekin amaituko dena; eta asteazkenerako utzi dute Uxue Barkosen izendapen ekitaldia.

Erreakzioak

Barkos "gustura" agertu da Gobernuan izango dituen kontseilariekin, dagokien atala zuzentzeko "gaitasuna eta ezagutza" dutela iritzita. "Guztiok gara berriak lan honetan, baina ez dira berriak dagozkien ataletan", azpimarratu du.

Era berean, eskerrak eman dizkie kontseilari izango direnei; izan ere, "aldaketarako Gobernu batekin hartu dute konpromisoa, politikan jarduteko modu desberdin batekin, gizarte honetako erronkak bilatzeko".

Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramailea ere "gustura agertu da", "pertsona eta talde politiko batzuek ados jartzeko gai izango ez ginela zioten arren", azkenean Gobernua osatzeko "adostasuna" lortu dutelako.

Gobernu osaketarekin kritikoen Laura Perez Ahal Duguren idazkari nagusia agertu da. Azaldu duenez, "Gobernuaren egiturarekin eta negoziazioetarako jarritako baldintzekin ados ez geundelako" erabaki dute izenik ez proposatzea.

Azkenik, Jose Miguel Nuin Ezkerraren ordezkariak lau alderdiek egindako negoziazio prozesuaren balorazio positiboa egin du, eta horrek agerian uzten omen du "Nafarroan aldaketa aurrera doala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Izquierda-Ezkerra Nafarroako Gobernua berriak