Politika -
Lege berria
Jaurlaritzak Etxebizitza Legearen 'dei efektua'z ohartarazi du
EH Bilduk eta PSE-EEk ukatu egin dute, eta PPk erabiltzen duen beldurraren diskurtsora jotzea leporatu diote EAJri.
agentziak | erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Etxebizitza Legeak eragin dezakeen "mundu mailako dei efektua"z ohartarazi du, azkenean PSE-EEk, EH Bilduk eta UPyDk adostu bezala onartzen badute. Hala, "ardura" politikoa eskatu die, adostasun zabalagoa izango duen testu bat onartze aldera.
Atzo amaitu zituzten PSE-EEren Etxebizitza Legearen proposamena aztertzen ari zen Legebiltzarreko lantaldearen lanak, eta testu bat onartu zuten sozialisten, EH Bilduren eta UPyDren botoekin. Besteak beste, etxebizitza eskubidea subjektiboa zela onartu zuten, beraz, legez bermatu ahalko dute etxebizitzarako eskubidea, eta auzitegietan exijitu ahalko da.
Erkorekak Jaurlaritzaren bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, azken testua onartzen badute, "munduko edozein pertsonak" eskuratuko du etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa EAEn erroldatuz gero (proiektuan gutxieneko baldintzak ezartzen dira, Etxebiden 4 urtez izena emanda egotea, adibidez), eta hori ez omen dago aurreikusita Ongizate Estatua asmatu zuten herrialdeetan ere. Horregatik, "mundu mailako" dei efektua izan dezakeela salatu du.
Justizia sailburuak esan du beste arazo tekniko eta juridiko batzuk ere badaudela; izan ere, testuak, idatzita dagoen moduan, kalte egin omen diezaioke EAEn bi etxebizitza dituztenei, bigarrena EAEtik kanpo dutenen aurrean, horiei ezingo baitzaie araua aplikatu.
Gaineratu duenez, "baliabide guztiak alokairura" bideratuko lituzkete, eta horrek "hankaz gora" jarriko luke etxebizitzak berritzeko egitasmoa.
EH Bilduk alarma salatu du
EH Bilduk azpimarratu du Etxebizitza Lege berriak ez duela dei efekturik egingo, eta "herritarrak kezkatzea" leporatu dio Jaurlaritzaren bozeramaileari.
Marian Beitialarrangoitia koalizioko legebiltzarkideak Javier Maroto Gasteizko alkatearen eta EAEko PPren "diskurtso" bera egitea leporatu dio Jaurlaritzari, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan PPk egin duen kanpainari erreferentzia eginez.
PSE-EEk "beldurraren diskurtsoa sustatzea" leporatu dio
Bixen Itxaso PSE-EEren legebiltzarkideak ere "beldurraren diskurtsoa sustatzea" eta Etxebizitza Legearen eragina "faltsutzea" egotzi dio. Gainera, adierazpen horien helburua "handi datorkion legea" ez onartzea dela, baina "bete egin beharko duela" azpimarratu du.
Legebiltzarkideak gogorarazi dio lau urtez Etxebiden izena emanda egon beharko direla etxebizitza horrela eskuratu nahi dutenek.
Gainerakoetan, Jaurlaritzak zehaztuko du zein egoeratan eman beharko zaion herritar bati etxebizitza.
Horregatik, gaitzetsi egin ditu Erkorekaren "lekuz kanpoko erreakzioak, dei efektuaz hitz eginda beldurra sustatzen" duelako.