Politika -
Kutxabank
Jaurlaritza, 'harrituta' Fernandezen aurkako salaketaren aurrean
Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, Jaurlaritzak ez du balioraziorik egingo Fiskaltzaren jarrera ezagutu arte.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzak "harridura" agertu du astearte honetan Kutxabankek Mario Fernandez presidente ohiaren aurka aurkeztutako salaketaren aurrean.
Gobernu Kontseiluaren ostean eskainitako prentsaurrekoan, salaketa jartzea "Kutxabankek bere kabuz" erabaki zuela nabarmendu du Josu Erkoreka bozeramaileak. Are gehiago, horren esanetan, Jaurlaritzak "hedabideen bidez" izan du salaketaren berri. Horren ildotik, beste finantza erakundeetan salaketak kanpotik etorri direla gogorarazi du.
Erkorekak baztertu egin du balorazio gehiagorik egitea Bilboko Fiskaltzaren jarrera ezagutu arte, baina guztiz errefusatu du gertatutakoa Nafarroako Kutxa auziarekin alderatzea. Izan ere, gogorarazi duenez, CANek balio gehiena galdu zuen, baina Kutxabank "erakunde bideragarriena da".
Jaurlaritzako bozeramaileak "jarduera politikoa finantza kudeaketatik bereizteko" deia egin du.
Bozeramailearen esanetan, Jaurlaritza harrituta agertu izanak erakutsi egiten du Gasteizko Gobernuak bi esparru horien artean bereizketa egin izan duela.