Politika -

Nafarroako Parlamentua

Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa batzordea, gertuago

EH Bilduk, I-Ek eta Geroa Baik batzordea sortzea proposatu dute, eta PSN babesa emateko prest agertu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik Parlamentuan Nafarroako Kutxa (CAN) auziari buruzko ikerketa batzorde bat eratzeko proposamena erroldatu du ostiral honetan, PSN ekimena babesteko prest agertu eta gero.

Koalizio abertzaleak agiri batean azaldu duenez, Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak astelehenean erabakiko dute proposamena izapidetu edo ez, eta abenduaren 23ko osoko bilkuraren gai-zerrendan gaineratu edo ez.

"Legegintzaldi honetan, hiru aldiz eskatu dugu ikerketa batzordea eratzea, Nafarroako Kutxan gertatutakoa argitzeko, baina UPNk, PSNk eta PPk errefusatu egin izan dute beti", deitoratu du EH Bilduk.

Horren esanetan, “oposizioak, Kontuz elkarteak publikatutako frogek eta nafarren presioek jarrera aldatzera bultzatu dute PSN, eta orain babestu egingo du proposamena”.

PSNren jarrera

PSNko zuzendaritzak bilera egin du arratsaldean, eta ikerketa batzordea sortzeko ekimen propiorik aurkeztuko ez badu ere, beste alderdienak babesteko prest agertu da.

Goizean, Santos Cerdan alderdiaren Antolakuntza idazkariak PSNren jarrera berriaren berri eman zuen, ustelkeriaren aurkako borrokan “sinesgarritasuna” izateko.

EFE agentzian egindako adierazpenetan, Cerdanek aitortu egin zuen PSNk jarrera aldatu duela, lehen ikerketa batzordearen aurkakoa zelako. "Parlamentuan ikuskizuna muntatu nahi zuten", esan du.

Horren ildotik, ikerketa "Justiziak" egin behar duela pentsatzen jarraitzen badute ere, talde batzuek ikerketa batzordea eratu nahi izatea "ulertzen" dutela gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAN auzia Albisteak Geroa Bai Nafarroa gaur EH Bildu Bizkaia