Politika -

Frankismoko Krimenak

Espainiak ez ditu Frankismoko 20 agintariak atxilotuko

2010ean onartutako ebazpen bat erabili du Poliziak argudio gisa atxiloketak ez egiteko.

Jose Utrera, Martin Villa eta Fernando Suarez ministro ohiak atxilotzeko agindua eman dute. EFE
Jose Utrera, Martin Villa eta Fernando Suarez ministro ohiak.
Jose Utrera, Martin Villa eta Fernando Suarez ministro ohiak atxilotzeko agindua eman dute. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak ez ditu Frankismoko krimenengatik Argentinak inputatuko 20 lagunak atxilotuko. Argentinako Justizia Frankismoko krimenak ikertzen ari da, eta Interpolek Argentinan duen ordezkaritzak Frankismo garaiko 20 agintari eta ministro ohi atxilotzeko agindua eman zuen atzo. Espainiak, baina, uko egin dio horiek atxilotzeari, Interpolen Idazkaritza Nagusiak 2010. urtean onartutako ebazpen bati heldu baitio.

AG-2010-RES-10 ebazpena genozidio eta gerra-krimenen esparruan herrialdeen artean ematen den lankidetzari buruzkoa da. Hain zuzen ere, herrialdeen arteko lankidetzari argi berdea ematen dio, baina salbuespen batekin: inputatuaren herrialdea aurka agertzen bada, 30 eguneko epean.

Antza denez, gizateriaren aurkako krimenen salaketak ugaritu egin zirelako jarri zuen muga hori Interpolek, herrialdeen arteko gatazkek ere gora egin ostean.

Azaroaren 4an, Interpol-Argentinak aipatu 20 pertsonak atxilotzea eskatu zion Madrilgo bulegoari. Dena dela, Interpol-Espainia aurka agertu zen. Inputatuko 20 lagunak Frankismo garaiko arduradun politikoak dira. Tartean daude Rodolfo Martin Villa eta Jose Utrera Molina ministro ohiak.

Frankismoko biktimek salatu egin dute Espainiako Gobernuak horiek ez atxilotzeko erabilitako amarrua, eta Mariano Rajoyren Exekutiboak “gaizkileak” babesten dituela kritikatu dute, Carlos Slepoy abokatuak adierazi duenez.

Horren esanetan, Interpol-Espainiaren erabakiak “inpunitatea” ekarriko du. “Lotsagarri iruditzen zaigu gaizkile hauek argi eta garbi babestu izana”, gaineratu du abokatuak.

Slepoyren arabera, baliteke Servini epaileak estradizioa eskatzea, eta, hori egingo balu, Ministroen Kontseiluak hartu beharko luke erabakia.

20 lagun atxilotzeko agindua

Argentinako Kereilaren aldeko Koordinakundeak jakitera eman duenez, Interpolek Maria Servini Frankismoko krimenak ikertzen ari den epaileari jakinarazi dio urriaren 30ean kaleratutako autoaren harira eman duela atxiloketak egiteko agindua.

Besteak beste, Rodolfo Martin Villa ministro ohia estraditatzea eskatu du Argentinako Justiziak, 1976. urteko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoan izandako erantzukizunak argitzeko. Bost langile hil zituen Poliziak egun horretan, eta Martin Villa Sindikatuen Harremanetako ministroa zen.

Jose Utrera Molina ere nahi du Argentinak. Frankismoaren Mugimenduko idazkari nagusia izan zen 1974tik 1975era, eta 1973an Etxebizitza ministro. Salvador Puig Antich anarkistari heriotza-zigorra ezarri izana leporatu diote.

Interpolek atxilotzea eskatu duten beste ministro ohiak hauek dira: Fernando Suarez Lan ministro eta Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia (Frankismoak fusilatutako azken bost pertsonen auzian duen arduragatik); Antonio Carro Martinez Presidentetza ministro ohia; Licinio de la Fuente Lan ministro eta presidenteorde ohia; Jose Maria Sanchez Ventura Pascual Justizia ministro ohia eta Alfonso Osorio Garcia Presidentetza ministro eta presidenteorde ohia.

Jesus Quintana Saracibar, Jesus Gonzalez Reglero, Ricardo Algar Barron, Felix Criado Sanz, Pascual Honrado de la Fuente, Jesus Martinez Torres, Benjamin Solsona Cortes eta Atilano del Valle Oter polizia ohiak atxilotzeko ere agindu dute.

Horiez gain, beste hauek atxilotzeko eskatu dute: Carlos Rey Gonzalez (Salvador Puig Antich anarkista epaitu zuen Gerra Kontseiluko kidea), Antonio Troncoso de Castro eta Jesus Cejas Mohedano (epaile ohiak) eta Abelardo Garcia Balaguer (ginekologoa).

Catalaren hitzetan, Auzitegi Nazionalak ezezkoa emango dio estraditatzeko eskariari

Rafael Catala Justizia ministroak iragarri duenez, Auzitegi Nazionalak ezezkoa emango dio 20 inputatuak Argentinara estraditatzeko eskariari. Ministroaren ahotan, delituaren epea iraungi dela argudiatu eta 1977ko Amnistia Legea gogoraraziko du Auzitegiak.

Kongresuko korridoreetan galdetu diote Catalari Interpolek emandako aginduaren inguruan. Horren nondik norakoak ez dituela ezagutzen esan du ministroak, baina Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño inspektore ohiaren eta Jesus Muñecas Aguilar Muñecas kapitaina-ren kasuan igorritako ebazpenaren "oso antzekoa" izango dela iragarri du, "parekoak" direlako.

“Interpolen agindua aztertu behar da, baina Auzitegi Nazionalak antzeko gertakarietan dituen aurrekariekin, ebazpena berdintsua izango dela uste dut, hau da, estradizioa ukatuko du Espainian delituak iraungi direlako eta amnistiaren lege bat dagoelako”, erantzun du.

Amnistiaren Legea 1977an aho batez onartu zutela goraipatu du Catalak, "gure historiaren garai tragiko bat gainditzen saiatzeko". “Zorionez, guztiz gainditu dugu”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Justizia Unibertsala argazkiak Espainia albisteak Maria Servini albisteak Frankismoa Gerra Zibileko biktimak