Politika -

Oposizioa, aurka

Erreforma fiskala atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Oposizioaren jarrera "arduragabea" kritikatu du Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko presidenteordeak; izan ere, "Espainiako zerga sistemarik okerrena" izango du Nafarroak 2015ean.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
Nafarroako Legebiltzarrak ez du onartu Barcinaren erreforma fiskala

1:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako erreforma fiskala atzera bota du gaur Parlamentuak. Gauzak horrela, oposizioaren jarrera "arduragabea" kritikatu du Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko presidenteordeak; izan ere, 2015ean "Espainiako zerga sistemarik okerrena" izango du Nafarroak.

Erreforma "ekonomiaren motorea" izateko proposatu dutela adierazi du Goicoecheak, eta baita "kontu publikoen egonkortasuna" lortzeko ere. Presidenteordearen ahotan, erreformak errenta baxuenei mesede egiten die, nahiz eta zergadun guztiei zergak jaitsi.

Horregatik, oposizioak hasieratik ekimena errefusatzea deitoratu du Goicoecheak. "Alternatibarik gabeko kritikak eta topikoak", salatu ditu buruzagiak.

PSN, Bildu, Aralar eta Geroa Bairen kritikak

Erreforma Estatuan egindakoaren "kopia" bat dela azpimarratu du Juan Jose Lizarbe sozialistak. "Gehien irabazten dutenek gutxiago ordainduko dute eta gainerakoak berdin geratuko dira", salatu du. Horrela, "baliabide publiko gutxiago egongo dira beharrizanik handiena dutenentzat", erantsi du.

Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariaren hitzetan, Europarekin alderatuta Nafarroak presio fiskal txikia du. "Presio fiskalaren eta zerbitzu publikoetako kalitatearen arteko lotura zuzena dagoela mundu guztiak badaki, eta UPNren Gobernua murrizketak egiten ari da", azaldu du.

Gobernuaren proposamena "desegokia" eta "kaltegarria" dela esan du Juan Carlos Longas Aralarreko ordezkariak; izan ere, "desberdintasunak areagotu, murrizketak egitera behartu eta egoera okertzen du".

Jose Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariak azaldu duenez, "pribilegio fiskalen" bidez diru-sarrera publikoak galtzeko unerik egokiena ez da". Horrek "gutxi batzuei mesede egingo die, baina Nafarroako gizartearen beharrizanei ez. Onartezina da", erantsi du.

Erreforma alternatibo bat proposatu dutela goraipatu du Manu Aierdi Geroa Baiko ordezkariak, Gobernuarena "onartezina" delako. "Gehien irabazten duenari mesede egin nahi diote", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Nafarroa Gaurko titularrak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak Zergak gaur