Politika -

Frankismoko krimenen aurka

Padin anarkistak frankismoaren inguruan deklaratu du Servinik eskatuta

Felix Padin (97 urte) "Estatuaren terrorismoa pairatu zuten milaka kideren ahotsa izan da", CNT sindikatuak azaldu duenez.

98 urteko bilbotarrak frankismoan bizitakoak kontatu ditu epaitegian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felix Padin anarkista-sindikalista historikoak -frankismoaren garaian preso egon zen- Miranda de Ebroko Auzitegian deklaratu du gaur, astelehena, Argentinan ikertzen ari den frankismoaren garaiko krimenen kontrako kereila dela eta.

Aurreko maiatzean, frankismoaren biktimen testigantzak jasotzeko Estatu espainiarrera egindako bisitan, Maria Servini de Cubria epaile argentinarrak bisita egin zion Felix Padin Gallo bilbotarrari (98 urte), aipatutako Burgoseko herrian duen etxebizitzan, baina ezin izan zuen haren testigantza jaso.

CNT sindikatuak (kereila jarri duenetako bat da) ohar baten bidez esan duenez, Padinek herri burgostarreko kontzentrazio eremuan izandako egonaldia "berriz ere bizi" izan du.

Padinek, Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak babestuta, "langileen batailoietan" bizitakoa azaldu du; langileak esklabu gisa erabiltzen zituzten frankistek.

"Gaur Felix Estatuaren terrorismoa pairatu zuten milaka kideren ahotsa izan da; eta gaur egun ere Estatu horrek -orain demokraziaren mozorroarekin- polizia eta militar hiltzaileak babesten jarraitzea jasan behar dute", gaineratu du CNTk.

CNTren arabera, lehenengoa aldia da Felix Padin auzitegi batean sartzen dela "diktadura frankistan jasandakoa kontatzeko". "Horrela, gaur ustezko demokrazia honen bide ertzetan lurperatuta jarraitzen duten hainbeste kide ohoratu ditu; zoritxarrez, biktimak ez daude maila berean".

"Frankismoaren kontrako kereila bera Argentinak hartu du bere gain, eta zigorgabetasun horren parte da. XXI mendean bete betean gaudela, faxisten biktimek beste estatu baten auzitegietara jo behar izan dute Espainiak ikertu nahi ez duena iker dezan".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Justizia Unibertsala albisteak Maria Servini bideoak Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa