Politika -
A13 ekimenak bultzatuta
Nafarroako alderdiak zatituta, Etxarriko kontsulta baloratzeko orduan
Alderdi abertzaleek -Bildu, Aralar-NaBai eta Geroa Bai- positibotzat jo dute galdeketa; UPNk, PSNk eta PPk, ordea, garrantzia kendu diote ekimenari.
Erredakzioa
Bildu, Aralar-NaBai eta Geroa Bai alderdiek positibotzat jo dute atzo, igandean, independentziaren inguruan Etxarri Aranatzen egindako galdeketa; euren iritzian "ariketa demokratikoa" izan zen atzokoa; baina UPN, PSN eta PP alderdiek garrantzia kendu diote A13 plataformak bultzatutako ekimenari.
Etxarri Aranazko herritarren % 42,76k eman parte hartu zuten eta, horietatik, % 97,47k baiezko erantzuna eman zuen, "Euskal Herri independente baten kide izan nahi duzu?" galderari erantzunda.
Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaleak Etxarri herria, kontsultaren antolatzaileak eta "ariketa demokratikoa" zoriondu ditu; "parte hartze esanguratsu" bat izan zen, "normaltasunezko" giro batean.
Patxi Zabaletak (Aralar-NaBai), bestalde, "jarduera demokratikoa, jai giroan, eta baketsua" nabarmendu ditu eta, era berean, parte hartzea azpimarratu du. Zabaletaren esanetan, "hau etorriko diren beste ekimen batzuen aurreneko pausoa izan da".
Manu Ayerdi Geroa Baiko ordezkariaren iritzian, "norberaren irrika politikoa eta pertsonala gorabehera", Nafarroa "bere etorkizunaren jabe da eta Nafarroako herritargoari dagokio erabakitzea non eta nola egongo den, eta zer egin nahi duen", eta EAErekin eta Ipar Euskal Herriarekin izango duen harremana herritarrek erabakitzen dutena izango da.
Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaleak, bere aldetik, nabarmendu duenez, Bildik ekimena babesteak agerian utzi du "oinarrizko helburua Euskal Herria deitutakoa sortzea da", nahiz eta "aurrerakoitasun faltsuaz" janzten duten.
Pedro Rascon PSNko legebiltzarkidearen ustean, horren moduko kontsulta batek "ez du ezertarako balio", eta Enrique Martin PPko kidearen hitzetan "pantomima, faltsukeria, propaganda izan da, eraginik gabe, ezta balore juridikorik ere, eta anekdota baino gehiago ez da".