Politika -
Iñaki Azkuna hil da
Mario Iceta: 'Iñakik hileta-elizkizun umila eskatu zidan'
Alkatearen hileta datorren astelehenean, martxoaren 24an, egingo dute, Bilboko Santiago katedralean.
Erredakzioa
Mario Iceta Bilboko gotzainak azaldu duenez, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak "hileta-elizkizun umila" eskatu zion hil aurretik. "Azkunak bazekien bere ibilbidearen azkeneko pausoak zirela", gaineratu du.
Alkatearen hileta-elizkizuna datorren astelehenean, martxoaren 24an, egingo dute, Bilboko Santiago katedralean.
Gotzainak alkatearekin igarotako azken uneak gogoratu ditu. Haren etxean egon ziren elkarrekin, eta "hizketaldi sakona izan genuen. Mediku moduan, bere egoeraz kontziente zen, eta mundu honetan bizitzen ari zen azken pasarteetan zela bazekien".
Alkateak berak hala eskatuta, hileta pribatua izango da. Adiskideek eta senitartekoek intimitatean egingo dute hileta-elizkizuna. Udalak ez du ez hil-kaperarik ez sinadura-libururik jarriko, Azkunak hala eskatuta.