Politika -
EPPKren iragarpena
Presoek euskal kartzeletara ekartzeko eskatuko dute, banaka
Prozedura horretan "jarrera duinarekin" agertuko direla nabarmendu dute EPPKko kideek.
Erredakzioa
Marixol Iparragirre eta Jon Olarra Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bi kideei egindako elkarrizketa argitaratu dute igande honetan Gara eta Berria egunkariek.
"Etxeratze bidean lege baliabideak" erabiliko zituela iragarri zuen EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abenduaren 28an.
Espainiako espetxeetan preso dauden EPPK-ko kideek Zaballako kartzelara lekualdatzeko eskaerak jarriko dituzte martxan; Frantziako presondegietan daudenek, berriz, Euskal Herritik gertuen dagoen kartzelan biltzea galdegingo dute.
Sailkapen bat prestatu dute ETAko presoek eskaera horiek bideratzera begira: "Larriki gaixo direnen edota 70 urtetik gorakoak direnen kaleratzea ahalbideratuko lukeen eskaera egingo dugu". Prozedura horretan "jarrera duinarekin" agertuko direla nabarmendu dute mintzaideek.
"Sakabanaketarekin bukatzea, egoera larrian daudenei konponbidea eman eta gure ahotsa, barruan zein kanpoan, zabaldu eta entzun ahal izatea oinarrizkoa da", esan dutenez.
"Lakuako Gobernuari -Iparragirren esanetan- sakabanaketa politika martxan jartzeko erabilitako indarrak, orain politika horrekin eta salbuespeneko kartzela-politikarekin bukatzeko erabiltzea eskatzen diogu". Gainera, era berean, "gatazka bere osotasunean konponduko duen aterabidea bilatzeko konpromisoa hartzeko" eskatu diote.