Politika -
Durangon
Parot doktrinako presoek EPPKren oharra baloratuko dute larunbatean
Ekitaldia Durangoko Kafe Antzokian egingo dute, eta horren inguruko informazioa eskatu dio Ertzaintzari Pedraz epaileak. Erreserba gizabanako batek egin duela jakinaraziko dio Ertzaintzak epaileari.
Erredakzioa
Parot doktrina bertan behera geratu ondoren espetxetik atera diren ETAko 63 presoek EPPKren azken oharra baloratzeko agerraldian parte hartuko dute larunbat honetan, Durangon (Bizkaia).
Ekitaldia 12:30ean egingo dute, Durangoko Kafe Antzokian. Deialdiaren arabera, egindako “kalteaz” eta legediaz hitz egiteko oharra EPPKk egindako oharra baloratuko dute larunbatean.
Atzo, Dignidad y Justicia elkarteak Auzitegi Nazionalari agerraldia debekatzeko eskatu zion. Dignidad y Justiciak jarritako salaketaren arabera, ekitaldian espetxetik atera diren 63 presoek parte hartuko dute eta, ondoren, bazkari bat egingo dute.
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak ekitaldi horren inguruko informazioa txosten batean biltzeko eskatu dio Ertzaintzari. Ahalik eta lasterren, ekitaldi mota, deitzaileak, parte-hartzaileak edota deialdia egiteko modua ikertzeko eskatu du Pedraz epaileak.
Eskaera honen aurrean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak poliziari larunbateko ekitaldiaren inguruko txostenak eskatu dizkio. Javier Zaragoza fiskal buruak Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari ze ekitaldi mota den, nork deitu duen eta ETArekin erlaziorik daukan ikertzeko eskatu die.
Gizabanako batek egin du erreserba
Ertzaintzak Pedraz epaileari jakinaraziko dionez, gizabanako partikular batek egin du Durangoko Kafe Antzokiaren erreserba, bertan ekitaldi bat eta 100 bat lagunentzako luncha egiteko, Europa Pressen arabera. Jaurlaritzako iturriak aipatuz agentziak azaldu duenez, partikular batek egin du prentsaurrekoa eta luncha egiteko erreserba.
Ostiral goizean igorriko dio informazioa Ertzaintzak epaileari, Efe agentziak Segurtasun Saileko iturriak aipatuz azaldu duenez.
Dignidad y Justicia
Dignidad y Justicia elkartearen arabera, agerraldia egin ondoren, preso ohiek bazkaria egingo dute Durangon. Ekitaldiaren xedea “ETA talde terroristaren gainerako kideei babesa ematea” izango dela salatu dute.
Larunbateko ekitaldia KT1 (Koordinazio Taldea) Arantza Zulueta abokatuak “zuzendutako EPPKren azpiegitura batek” deitu duela adierazi dute.
Ekitaldia debekatzea eskatu dio AVTk ANri
AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, bestalde, larunbateko ekitaldia debekatzea eskatu dio Auzitegi Nazionalari, ekitaldi horrek terrorismoa goratuko duela eta biktimak umiliatuko dituztela argudiatuta.