Politika -

Nafarroako Parlamentua

Ganberan jorratuko dute D ereduko irakasleei buruzko txostenaren auzia

Nafarroako Parlamentuak ikerketa horrek eragindako polemika aztertuko du bihar. Gainera, parlamentariek beste adierazpen instituzional batzuen inguruan eztabaidatuko dute.

Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko dute Guardia Zibilaren txostena.
Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko dute Guardia Zibilaren txostena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak euskara hutsean ematen den D ereduko irakasleei buruz eginiko txostenak polemika handia piztu du azken egunetan. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak bihar jorratuko ditu afera horrek sorrarazi dituen ekimen parlamentarioak.

Ekimen horien asmoa, batetik, Jose Iribas Hezkuntza sailburuak eta Carmen Alba Gobernu zentralaren Nafarroako ordezkariak txosten hori azaltzea da; eta, bestetik, hezkuntza arloko erakunde sindikalek eta ikasleen gurasoen elkarteek zabaldu diren informazioak aztertzea eta horrek eragindako polemika aztertzea.

Iribasen agerpena Patxi Leuza Geroa Bai alderdiko parlamentari ez atxikiak eskatu du; Albarena, aldiz, Bilduk eta Aralar-NaBaik. Erakunde desberdinekin lankidetza Bildu, Aralar-NaBai eta I-E alderdiek bultzatu dute.

Hiru alderdi horiek eta atxikitu gabeko parlamentariek adierazpen instituzional baten proposamena aurkeztu dute, Parlamentuak D ereduko irakasleei babesa erakusteko.

Bestalde, zenbait agerpen eskaera egin dira. Osasun sailburuak Nafarroako Osasun Ikerketaren Institutuaren berri eman dezan nahi du I-E alderdiak.

Yolanda Barcina presidenteak "eskumenetan balizko mutur-sartzearen aurrean" Nafarroako Gobernuaren balorazioa argitzea nahi dute Bilduk eta Aralar-NaBaik, Tokiko Administrazioaren Arrazionalizazio eta Jasangarritasun lege-proiektuari begira. Eskumen horiek babesteko, Barcinak Nafarroak zer-nolako jarrera izango duen azaldu dezan eskatu dute alderdi horiek.

Gainera, parlamentariek zenbait adierazpen instituzionalen inguruko eztabaidak eta bozketak izango dituzte bihar. Besteak beste, emakumearen aurkako indarkeria, Gamesa enpresaren kaleratzeak, Ansoaingo klinikan abortatzen duten emakumeen aurkako gogorkeria eta Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango dituzte eztabaidagai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Parlamentuko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Irakasleen albisteak gaur