Politika -
Elkarrizketa Radio Vitorian
Josu Erkorekak Araba Aurrekontuetan 'abandonatuta' egotea ukatu du
Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, "berandu baino lehen berriztatu behar da Ekarpenen Legea, eta prozesu horretan ikusiko da zein lurraldek eskatu ahal duen gehiago".
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak EAEko aurrekontuetan "Araba abandonatu izana" ukatu du, eta, oro har, Exekutiboak Arabarako kontu publikoetan aurreikusten dituen inbertsioak lurralde horrek kutxa komunari ematen dionaren gainetik egoten direla adierazi du. Halaber, Ekarpenen Legea "berandu baino lehen" berriztatu behar dela uste du, eta prozesu horretan "nahitaez" egongo diren elkarrizketetan ikusiko da, haren esanetan, "nork daukan ekarpen gehiago edo gutxiago eskatzeko arrazoi handiagoa".
Radio Vitorian egin dioten elkarrizketa batean, Arabako erakundeetatik PPk, Diputazioan eta hiriburuan gobernatzen duen alderdiak, egin dituen adierazpenak hartu ditu ahotan Erkorekak; izan ere, lurraldea "zokoratu" egiten duten ustean kontu publikoak "arreta bereziz" aztertuko dituztela baieztatu zuten popularrek.
Horren ildotik, Jaurlaritzako bozeramaileak erabat ezeztatu du Aurrekontuetan Araba baztertu izana. Halaber, hainbat adierazlek argi eta garbi erakusten dute, haren esanetan, "Jaurlaritzak Araba osoarekin ez ezik Gasteizekin, erakunde nagusien egoitzarekin, ere duen konpromisoa".
Josu Erkorekak Gasteizekin lotuta azaldu duenez, Javier Maroto alkateak eta Iñigo Urkullu lehendakariak hitzarmen bat sinatu berri dute, legegintzaldia bukatu baino lehen hirian inbertsioak egitera 20 milioi euro bideratzeko. "Garai hauetan, ez dago batere gaizki", esan du Erkorekak.
Halaber, "azken urteetako aurrekontuek argi erakusten duten bezala, oro har, Araban egiten diren inbertsioen zenbatekoa arabarrek kutxa komunari ematen diotenaren gainetik egoten da", Erkorekaren berbetan: "Urte batzuetan salbuespenak egon litezke, baina hala izan ohi da".
Ekarpenak
Lurraldeek ekarpen politika berrikusteko eskatu eta gero, "hurrengo hilabeteetan egingo den debatea" dela aurreratu du bozeramaileak.
Hain zuzen ere, "Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bileran aukera hori jorratu zen, eta gai horri heltzeko azpibatzorde bat sortu zen lurraldeek beren arrazoiak bertan eman ditzaten. Izan ere, Ekarpen Legea aldatu egin behar da, egungoa duela bi urtetik baitago luzatuta", adierazi du.
Erkorekaren ustez, "berandu baino lehen" egin behar da erreforma, eta prozesu horretan egingo diren debateak "nahitaezkoak" dira. "Horiek egiten ari gara dagoeneko, eta hor ikusiko da zein lurraldek dauzkan arrazoi gehiago ekarpen handiagoak edo txikiagoak eskatzeko. Baina faktore asko hartu behar dira kontuan: makroekonomia, demografia... Ez da horren erraza lurralde bakoitzak eman behar duena zenbaki bakarrera, hausnarketa bakarrera, mugatzea".
"Barne fluxu ekonomikoak oso garrantzitsuak dira, eta finantzen eta zerga politikaren bidez lurraldeen artean egiten diren konpentsazioak ere oso garrantzitsuak izaten dira", Erkorekaren aburuz.
Aurrekontuetarako akordioak
Jaurlaritzaren bozeramaileak PSE-EErekin Aurrekontuei begira egindako akordioa ere hartu du hizpide: "Sozialistek Jaurlaritzaren abiapuntutik gertu zegoen planteamendua egin zuten, ez zegoen ezadostasun nabarmenik. Jaurlaritza honek gizarte politiken aldeko apustua egin du sortu zen unetik bertatik".
Gainera, "argia ikusi ez zuten 2013ko Aurrekontu horietan ere bazegoen zerbitzu publikoei eta gizarte politikei eusteko apustua, 2014koetan agertzen den bezala".
"Hortik abiatuta, harremanak, Aurrekontuak aberasteko eta gizartearen nahiei egokitzeko alderdien artean izaten diren hartu-emanak, nire ustez, beti izaten dira onak", esan du.
Zorra
Exekutiboaren bozeramaileak argitu duenez, Jaurlaritza "neurriz eta legezko mugak errespetatuz" ari da zorra erabiltzen. Horren ildotik, "premiazko beharrak asetzeko baliabide moduan erabil daiteke bide hori, baina zama da etorkizunari begira", adierazi du, "gaur egiten den zorra zama baita, ezinbestean, etorkizunerako".
Hain zuzen ere, aurreko urteetan eskatutako kredituen kitapenek % 169 handitu dituzte 2014ko Aurrekontuak, "datorren urtetik aurrera nabarmen handituko baita interesak eta kitapenak ordaintzeko gastua".
"Eta baliabide horiek, beraz, bere garaian emandako kredituak eta haien interesak ordaintzera bideratuko ditugu, eta diru hori, noski, ezingo da gizarte mailak hainbat helburu betetzera bideratu", Erkorekaren hitzetan.
"Lehen eskuzabalago jokatu ahal zen, baina, gaur egun, oso neurri estuak daude; Espainiaren gainetik Europak ezarri duen gobernagarritasun eredua dago indarrean, eta, administrazio publiko guztioi hori inposatuz, lege tarte estu batean jardun beharra jaso dugu", esan du amaitzeko.