Politika -

Aurrekontuak

Aurrekontuek EAJrekin adostutakoa biltzen dutela kontrolatuko du PSEk

PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusiak "EAJrekin itxitako akordio onaren" alde hitz egin du, Ramon Rubial sozialista historikoaren jaiotzaren 107. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

Jose Antonio Pastor, Ramon Rubialen omenezko estatuaren eta haren alabaren ondoan. Argazkia: Efe.
Jose Antonio Pastor, Ramon Rubialen omenezko estatuaren eta haren alabaren ondoan. Argazkia: Efe.
Itun fiskalaren edukiak jasotzea exijituko du PSEk

0:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastor PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari abisatu dionez, sozialistek begi zorrotzez aztertuko dute aurrekontu proiektuak EAJrekin hitzartutakoa biltzen ote duen.

Ramon Rubial sozialista historikoaren jaiotzaren 107. urteurrena ospatzeko ekitaldian, Pastorrek EAJrekin "zerga politika aldatzeko eta ekonomia eta enpleguari hauspoa emateko itxitako akordio onaren" alde egin du.

Haren iritziz, paktu horri esker "zerbitzu publikoei eutsi ahal izango diegu" krisiaren aurrean, "Espainiako beste toki batzuetan ez bezala eta Iñigo Urkulluren aurtengo aurrekontuekin gertatuko zenaren aurka". Aurrekontu proiektua erretiratu zuen lehendakariak, babesik ezean.

"Ramon Rubialek esaten zuena lortuko dugu: eskubideen eta zerbitzuen defentsa Aldizkari Ofizialean egotea", adierazi du Pastorrek.

Nolanahi ere, hitzarmen hori babesteaz haraindi, PSE-EEk "oposizioko alderdi leial eta arduratsua" izaten jarraituko duela hitzeman du, "demokrazietan oposizioko alderdiei dagokien gisara".

Sozialisten bozeramaileak Euskadiren Eguna, urriaren 25eko jaieguna, bertan behera utzi izana kritikatu du. "EAJk eta EH Bilduk beste inor baino abertzaleagoa izateko duten norgehiagoka absurduari" egotzi dio jaieguna ezabatzeko erabakia Pastorrek.

"Sozialistok ez dugu inolako interesik euskal herritarren arteko bizikidetza eta pluraltasuna hausteko lehiaketa horretan", baieztatu du Pastorrek, eta EAJri "estatus politiko berrirako" poposamena zertan datzan azaltzeko eskatu dio.

"Estatutuaren Eguna ospatzea merezi ez duela erabaki badute, denok buruan dugun bide hori hartzeko asmoa dutela ematen du, eta ez dut uste hortik oso urrun helduko garenik", erantsi du.

Ramon Rubialen alabak, Lentxu Rubial senatari ohiak, ere hartu du parte ekitaldian, eta lore eskaintza egin dute Abandoibarran, PSOEren presidente eta Eusko Kontseilu Nagusiko buru izan zena gogoan hartzeko estatuaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak PSE-EE Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontuen azken ordukoa