Politika -

EAJ-PSE akordioa

Irailerako, PSErekin zerga ituna adostuko dutela iragarri du Egibarrek

Ituna "eraginkorra" izateko, PPk eta Bilduk akordiora gehitu beharko luketela uste du buruzagi jeltzaleak.

Joseba Egibar buruzagi jeltzalea. Argazkia: EiTB
Joseba Egibar buruzagi jeltzalea. Argazkia: EiTB
Joseba Egibar buruzagi jeltzalea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udan jeltzaleek sozialistekin hitz egiten jarraitu dute, eta bien arteko zerga ituna irailaren hasieran ofizial egingo dute, Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile eta GBBko presidenteak jakinarazi duenez. Halaber, PPk eta Bilduk akordiora gehitu beharko luketela gaineratu buruzagi jeltzaleak.

Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean, jeltzaleen eta sozialisten arteko negoziazioak izan ditu hizpide. Egibarren esanetan, udan hitz egiten jarraitu dute bi aldeek, eta, fiskalitateari eragiten dioten arauak kontuan hartuta, irailerako izapideak hasi behar dituzte Batzar Nagusietan. Horren ustez, iraileko lehenengo hamabostaldian akordioa ofizial egingo dute.

Zerga itunaren gaineko xehetasunez galdetuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta zerga sozialen gaineko akordioa itxita dutela adierazi du. Halaber, beste hainbat gaitan ere ados jarri direla iragarri du, besteak beste, hauetan: zerga-iruzurraren kontrako borroka, susperraldi ekonomikoa bultzatzeko neurriak, enplegua sortzeko neurriak, eskubide sozialak eta eginbehar ekonomikoak.

Edonola ere, ituna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "eraginkorra" izateko, PPren eta Bilduren babesa beharrezkoa da, Egibarren arabera.

Eredu instituzionala

Zerga alorrean ados jarri badira ere, eredu instituzionala eta administrazio publikoetako bikoiztasunak eztabaidatzen ari dira, eta hori ere "bideratuta dago".

Eredu instituzionalean, zein aldaketa egin nahiko lituzketen galdetu die jeltzaleek sozialistei. "Eredu instituzionala ezin da astero eztabaidatu. Proposamenen bat badute, egin dezatela", gaineratu du Egibarrek.

Estatus politiko berria

Euskadik estatu gisa pentsatzea eta jokatzea nahi du Egibarrek, eta Gernikako Estatutuaren azpitik legokeen beste estatutu bat nahi izatea egotzi die PPri eta PSOEri.

Auzi honetan, sozialisten ikuspuntua jeltzaleena ez bezalakoa da, eta popularrek Autonomia Estatutua baino estatus murritzagoa nahi dute, Egibarren arabera. "Bestela ezin da ulertu oraindik ere Gernikako Estatutuak dioena bete ez izana", gaineratu du.

Eztabaida bat irekitzea eskatzen dute jeltzaleek, transferitzeko falta diren eskumenak zehazteko eta, horiez gain, EAEk nahi lituzkeenak identifikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Joseba Egibar bideoak EAE PSE-EE Bizkaia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zerga politika