Mundua -
ELGORRI AGERRALDIA AEB-N
8 urteko haur txertatugabe bat hil da Texasen elgorriak jota; bigarrena da urtarriletik
Texasko Osasun Zerbitzuen Estatuko Departamentuak ostiralean jakinarazi zuenez, South Plains eta Panhandle eskualdeetan dagoen elgorri agerraldian 481 pertsona kutsatu dira urtarril amaieratik, eta horietatik 56 ospitaleratu egin dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txertatu gabe zegoen 8 urteko neskatila bat hil da elgorriak jota, Texasen (AEB); hilabete gutxian gaitz horrengatik hil den bigarren haurra da. Neska ostegunean hil zen, Lubbock hiriko ospitale batean, gaixotasunak eragindako biriketako gutxiegitasun baten ondorioz, The New York Times egunkariak jakitera eman duenez.
NBC News kateak zabaldu duenez, Robert F. Kennedy Jr. AEBko Osasun idazkari polemikoa —txertoen aurkako teorien alde egiteagatik da ezaguna— hiletara joango da gaur.
Urtarriletik Ameriketako Estatu Batuak astintzen ari den elgorri agerraldia dela eta, 8 urteko haur bat hil zen urtarril amaieran Texasen, eta hura ere txertatu gabe zegoen.
Texasko Osasun Zerbitzuen Estatuko Departamentuak ostiralean jakinarazi zuenez, South Plains eta Panhandle eskualdeetan atzemandako agerraldiak 481 pertsonari eragin die urtarrilaren amaieratik, eta horietatik 56 ospitaleratu egin behar izan dituzte.
Texasko paziente guztietatik 471 txertatu gabe zeuden.
Adin txikikoak erasan ditu batez ere birusak: 180 kasutan, gaixoek 5-17 urte zituzten, eta, 157 kasutan, 0-4 urte.
Era berean, dozenaka kasu erregistratu dira Mexiko Berrian (pertsona bat hil da bertan) eta Oklahoman.
AEBn txertoen kontrako jarrera hazten ari den bitartean ezagutu dira datuok. Osasun idazkaria bera txertoen kontrakoa da, kargua hartu zuenetik diskurtsoa apaldu egin badu ere. Oraingoan, baina, elgorri agerraldiaren kontra bakailaoaren gibeleko olioa erabiltzea defendatu du, txertoak baino.