Mundua -

AEB

Milaka lagun bildu dira AEBn Trumpen eta Musken murrizketen aurka protesta egiteko

'Hands off!' leloa nagusitu da 150 elkartek baino gehiagok deitutako 1.200 manifestazioetan. Besteak beste, sindikatuak, talde ekologistak zein LGTB eskubideen aldeko plataformak izan dira deitzaileen artean.

New Yorken izan den manifestazioaren irudia. Argazkia: EFE
New Yorken izan den manifestazioaren irudia. Argazkia: EFE

Trumpen eta Musken aurka protesta egin dute milaka manifestarik AEBn

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun atera dira kalera larunbat honetan AEBko hiri nagusietan deitu dituzten 1.200 manifestazioetan parte hartzera. Donald Trump presidentearen eta Elon Musk milioidunaren aurkako protesta egunik handiena izatea espero zuten antolatzaileek. Mobilizaziorik jendetsuena Washingtonen egin dute, National Mallen, Etxe Zuritik gertu, 20.000 lagun baino gehiago bildu baitira.

Besteak beste, "Ez ukitu Gizarte Segurantza" eta "Faxismoa iritsi da" mezuak zituzten kartelak erakutsi dituzte manifestariek, baita AEBko bandera behera begira jarri ere, garai batean armadari laguntza eskatzeako seinale zena protesta politikoaren ikur bihurtuta.

Protestak direla eta, Melania Trump lehen damak atzeratu egin du Etxe Zuriko lorategien udaberriko irekiera, larunbat honetan jendarteari irekita egitekoa zena.

AEBko 50 estatuetan antolatu dira protestak, baina baita mugakide diren Kanadan eta Mexikon ere.

Hands off! leloa hautatu dute sindikatuek, talde ekologistek, beteranoek, feministek eta LGTB eskubideen aldeko plataformek mobilizazioetarako goiburu nagusi gisa. 150 kolektibok baino gehiagok deitu dituzte protestak, langileen nazioarteko sindikatutik hasi eta Greenpeaceraino. Israel Gazan egiten ari den operazio militarraren aurka protesta egiteko ere baliatu dute Palestinaren aldeko taldeek.

Manifestazioak Kapitolioaren atarian zein egoitza federal, biltzarkideen bulego, Gizarte Segurantzaren egoitza, parke eta udaletxeen aurrean egin dira, CNN kateak jaso duenez.

Bostongo manifestazioaren irudi bat. Argazkia: EFE

"Bidali Musk Martera!"

Manifestariak Trumpen eta Musken aurkako kartel eta leloekin joan dira elkarretaratzeetara. Besteak beste, AEBko Gobernua desegitea egozten diete. Egia da, izan ere, Musken Gobernu Eraginkortasuneko taldeak (DOGE) 2,3 milioi langile federalen 200.000 lanpostu ezabatu dituela. Ostiralean bertan, Barne Zergen Zerbitzua (IRS) 20.000 langile baino gehiago kaleratzen hasi zen, langileen % 25.

Funtzionarioak kaleratzeaz gain, biztanleria oso haserre dago gizarte-laguntzetan, hezkuntzan eta ikerketan izandako murrizketengatik, adibidez. Trumpen erruz AEB "krisian" dagoela eta "mugitzeko garaia" dela aldarrikatu dute deitzaileek.

Eskaeren artean, "milioi asko dituztenek boterea hartzeari eta Trumpen Administrazioaren ustelkeria kontrolgabeari amaiera ematea" edo Medicaid eta Gizarte Segurantza programetan osasun gastuetarako funts federaletan egindako murrizketak amaitzea. Halaber, "etorkinen, trans pertsonen eta beste komunitate batzuen aurkako erasoak" amaitzeko eskatu dute.

Washington hiriburuan politikariek hartu dute hitza, eta Jamie Raskin Ordezkarien Ganberako kideak, esaterako, Trumpek "(Benito) Mussoliniren politika eta Herbert Hooverren ekonomia" dituela salatu du.

Halaber, Europako ehunka hiritan ere protestak izan dira apirilaren 5 honetan, hala nola Londresen, Parisen eta Berlinen. Donald Trumpen politiken kontra eta bereziki azken egunotean muga-zergen inguruan hartu dituen erabakien kontra egin dute protesta. Europan bizi diren estatubatuarrek deitu dituzte elkarretaratzeak, eta, besteak beste, Elon Musken Tesla auto elektrikoei boikota egiteko eskatu dute.

Manifestación en Berlín. Foto: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Manifestazioak