Mundua -

Palestina

Hamdan Ballal zuzendaria askatu dute: Israelgo base batean igaro du gaua, eskuburdinak jarrita eta zaurituta

"Soldaduek eta kolonoek gorputz osoan kolpatu dute", salatu du Basal Adra 'No Other Land' dokumentalaren zuzendarikideak. Horregatik, Ballal Hebrongo (Zisjordania) ospitale batera eraman behar izan dute.

Hamdan Ballal Oscar sariarekin, gainerako lankideekin batera. Argazkia: EFE
Hamdan Ballal Oscar sariarekin, gainerako lankideekin batera. Argazkia: EFE

Hamdan Ballal 'No other land' dokumentalaren zuzendarietako bat atxilotu dute, kolonoek jipoitu ostean

0:39

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo agintariek Hamdan Ballal No Other Land dokumentalaren zuzendarikidea askatu dute gaur, Susyan, Zisjordania hegoaldeko herri okupatuan, kolonoek jipoitu eta Israelek atxilotu ostean.

"Gau osoan eskuburdinak jarrita eduki eta base militar batean kolpatu ondoren, Hamdan Ballal libre da eta bere familiarekin etxera itzultzear da", iragarri du Yuval Abraham filmaren zuzendarikide israeldarrak, X sare sozialean, 14:30ean.

Basal Adrak, dokumentalaren beste zuzendarikideak, ordu batzuk geroago Instagramen jakinarazi duenez, Hamdan Hebrongo (Zisjordania) ospitale batean dago une honetan, eta osasun-azterketa ari zaizkio egiten.

"Soldaduek eta kolonoek gorputz osoan kolpatu dute", salatu du Adrak. Ballalek Israelgo Kiryat Arba kolonoguneko polizia-etxe batean igaro du gaua, Hebronetik gertu, atxilotuaren senideek EFEri baieztatu diotenez.

Atzo gauean, Abrahamek eman zuen lagunaren atxiloketaren berri, esanez kolono talde batek jo egin zuela, eta buruan eta urdailean zauriak eragin zizkiotela.

Kolonoen erasoek izugarri egin dute gora Zisjordanian

2023ko urritik, kolonoek Zisjordania okupatuan palestinarren aurka egindako erasoak ikaragarri areagotu egin dira, baita Masafer Yattan ere, No Other Landen protagonista den eta Susya ere hartzen duen herrixka palestinarren multzoan.

No Other Land lanak bost urteko grabazioak biltzen ditu (2019-2023) Basel Adra kazetari palestinarraren etxean, At-Tuwani herrixkan, Masafer Yattan, Zisjordania okupatuan. Grabazio horietan, Israelgo Armadak etxebizitzak, eskolak, ur-putzuak eta errepideak eraitsi zituela erakusten da, eta gaur egun oraindik ere erasoek jarraitzen dute.

Nazioarteko Justizia Auzitegiak joan den udan ebatzi zuen Israelek Zisjordania okupatzea legez kanpokoa dela, eta Israeli eskatu zion kolonoak (700.000tik gora) kanporatu zitzan, kolonoguneak desegin eta lurralde palestinar hori inguratzen duen harresia ken zezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak gaur Ekialde Hurbila