Mundua -
Brusela
EBko Atzerri ministroek bilera dute astelehen honetan Ukrainari eta Siriari buruz eztabaidatzeko
Ukrainako Atzerri ministro Andri Sibigak bideokonferentzia bidez hartuko du hitza. Herrialdean jazotako azken gertaerei buruz, eta Kievek dituen "premiazko" beharrizainen inguruan —tartean laguntza militarra— arituko da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasuneko Atzerri ministroek bilera dute astelehen honetan, Ukrainako gerrarekin lotutako azken gertaerak aztertzeko, eta Siriak gaur egun duen egoerari buruz eztabaidatzeko.
Lehen ministro britainiar Keir Starmerrek larunbatean antolatutako goi-bileran adostu zuten ostegunean batzartuko direla berriro, Ukrainara tropak bidaltzeko aukera mahai gainean jarrita.
Biharko Bruselako hitzorduan, bestalde, bideokonferentzia bidez hartuko du hitza Ukrainako Atzerri ministro Andri Sibigak. Herrialde horretan jazotako azken gertaerei buruz eta Kievek dituen "premiazko" beharrizainen inguruan —tartean laguntza militarra— arituko da, hain zuzen ere.
Ondoren, Sibiga gabe, ministroek Ukrainako egoeraz eztabaidatuko dute. Bien bitartean, EBko Atzerri Gaietako ordezkari Kaja Kallasek "indar erakustaldia" egiteko eskatu die 27 herrialdeei.
Kallasek berak proposatu die Ukrainari 20.000 eta 40.000 milioi euro arteko laguntza militarra ematea, baina zenbait iturri diplomatikok uste dute "boluntarioen koalizioa"ren bidez soilik izango dela posible, Hungaria kontra agertuko baita.
Edozein modutan, iturri horiek aurreratu dute EBren apustua dela "boluntarioen koalizioa" osatzea, Ukrainari babes gehiago emate aldera. Horien ustez, baina, "goizegi" da plan horren gaineko erabakiak hartzeko.
Ukrainari eman beharreko laguntza militarra eztabaidagai den bitartean, AEBk erabaki du negoziazio diplomatikoetan nahastea, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrari azkena emateko.
Esan bezala, Siriako egoera ere izango dute aztergai biharkoan, azken egunotako indarkeria oldea dela eta.
Bruselako bederatzigarren bilera horretara, Siriako jarduneko agintariak gonbidatu dituzte, eta Asaad al Shaibani bitarteko Atzerri ministroa izango omen da bertan.
Bestalde, Gazari eta Zisjordaniari buruz ere hitz egingo dute.