Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Europako agintari militarrek bilera egingo dute ostegunean Ukrainari buruzko "fase eraginkor bat" hasteko

Starmerrek biltzeko deia egin dio Ukrainako gerraren amaierarekin konprometitutako eta AEBko presidente Donald Trumpek Etxe Zuritik piztutako zurrunbilo diplomatikoari aurre egiteko sortutako "Boluntarioen Koalizioa"ri.

Starmer. Argazkia: EFE
Starmer. Argazkia: EFE

Starmer. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan, Ukrainari buruz jarduteko Erresuma Batuak deitutako herrialdeetako armadetako ordezkariek bilera egingo dute ostegunean Londresen, "lan praktikoa" azkartze aldera, eta balizko bake akordio bati begira. "Orain fase eraginkor bat abiatuko dugu", iragarri du Keir Starmerrek.

Horrela, Ukrainako gerraren amaierarekin konprometitutako eta AEBko presidente Donald Trumpek Etxe Zuritik piztutako zurrunbilo diplomatikoari aurre egiteko sortutako Boluntarioen Koalizioari batzartzeko deia egin dio Starmerrek.

Lehen ministro britainiarrak goi-bilera birtuala egin du gaur Boluntarioen Koalizioa osatzen duten 25 estatuetako agintariekin Ukrainako gerraz hitz egiteko, eta Vladimir Putin Errusiako presidentea presionatzeko.

Bertan, esan du Errusiako presidentea negoziazio mahaian eseri beharko dela "lehenago edo geroago" Ukrainako gerra amaitzeko.

Era berean, batzarraren atarian ohartarazi duenez, "ezin gara eserita geratu eta guztia igaro arte zain egon. Presioa egiten, urratsak egiten eta bakerako prestatzen jarraitu behar dugu. Bake segurua eta iraunkorra izango da".

Starmerren esanetan, horretarako Ukraina indartu behar da "militarki", eta koalizioko herrialdeek babes handiagoa eta "finantziazioa" eman behar diote.

Besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Emmanuel Macron Frantziakoak hartu dute parte batzarrean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin eta EBko eta NATOko beste agintari batzuekin batera.

Bestalde, Starmerrek "konpromiso zehatzak" hartzeko beharra azpimarratuko du, eta epe motzean presio ekonomiko handiagoa eskatuko du Putinen kontra, negoziazio mahaian esertzera behartzeko.

Bilera bukatutakoan, komunikabideen aurrean egin du berba Starmerrek, gaurko hitzorduaren emaitzen berri emateko eta osteguneko bilera iragartzeko. 

Zelenskik presioa bikoiztea eskatu die aliatuei

Ukrainako presidenteak Europako aliatuei galdegin die areagotu dezatela presioa Errusiak AEBk proposatutako su-etena negozia dezan, Vladimir Putin errusiar presidentea aukera horri iskin egiten ari dela iritzita.

Zelenskik ziurtatu duenez, 30 eguneko su-eten proposamen horrek "egiazko bake bat" negoziatzeko aukera emango luke. Horrez gain, ukatu egin du Putinek menia bati buruz esandakoa, "ziurgabetasun egoera honetan" zaila dela esan baitu.

EBk berrarmatze plana aldarrikatu du

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek ere hartu du hitza bilera bukatutakoan, eta aurreratu du gauzatu egingo dutela Defentsan aurrekontua handituta EBk iradokitako berrarmatze plana. Halaber, Errusiako presidenteari bakearen aldeko urratsak eskatu dizkio.

Sanchezen ziurtatu du bake justu baterako lanean jarraituko dutela

Espainiako presidenteak ziurtatu du Ukrainarentzat bake justua eta iraunkorra lortzea dutela helburu.

X sare sozialaren bidez egin ditu adierazpenok, bileran parte hartu ostean.

Scholzek berretsi du Moskuk pausoak eman behar dituela

Alemaniako buru Olaf Scholzek nabarmendu du Moskuren txanda dela, eta berari dagokiola orain urratsak ematea eta AEBk agindutako 30 eguneko menia bideratzea.

Italiak ez du parte hartuko

Italiako lehen ministro Giorgia Melonik gainerako buruzagi europarrei esan die ez duela militar italiarrak Ukrainara bidaliko.

Orbanek "nazioen Europa" aldarrikatu du

Hungariako lehen ministro Viktor Orban pozik agertu da beste behin ere Donald Trumpen itzulerarekin, "Bruselako losintxarien" aurrean. Halere, defendatu du Hungariak "Ukrainarik gabeko Europar Batasunean" egon behar duela, europar blokearen egitura errotik aldatzeko.

"Errusia argi presionatzeko" eskatu du Macronek 

Frantziako presidentearen ustez, beharrezkoa da Errusia "argi" presionatzea, "ez dirudielako benetan bakea nahi duenik".

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Erresuma Batua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Keir Starmer