Mundua -
muga-zergaK
Trumpek EBko ardoari eta beste edari alkoholiko batzuei % 200eko muga-zerga jartzeko mehatxua egin du
AEBko presidenteak EBri leporatu dio mundu mailako entitate fiskal eta arantzelario erasokor eta kaltegarrienetako bat izatea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak mehatxu egin du Europar Batasuneko (EB) herrialdeetatik datozen ardo eta produktu alkoholiko guztiei % 200eko muga-zerga ezarriko diela "laster", baldin eta Bruselak ez badu "berehala" kentzen AEBko whiskeyaren gaineko % 50eko karga.
"Truth Social" sarean egindako argitalpen batean, Etxe Zuriko maizterrak esan du EB mundu mailako entitate fiskal eta arantzelario erasokor eta kaltegarrienetako bat dela, "Ameriketako Estatu Batuez aprobetxatzeko asmo bakarrarekin sortua".
Zentzu horretan, EBk AEBetatik datorren whiskeyari % 50eko muga-zerga "berehala" kentzen ez badio, "Frantziatik eta EBk ordezkatzen dituen beste herrialde batzuetatik datozen ardo, xanpain eta produktu alkoholiko guztiei" laster % 200eko muga-zerga ezarriko diela ohartarazi du.
"Horrek mesede handia egingo dio ardoaren eta xanpainaren sektoreari Estatu Batuetan", azaldu du Trumpek.
Bruselatik, Europako Batzordeak uko egin dio Trumpen iragarpen berriari buruzko iruzkinak egiteari, AEBko Administrazio berriak erabaki irmoak hartzen dituenean bakarrik jarduteko estrategiari jarraituz.