Mundua -
AIRE-TRAFIKOA
Alemaniako 13 aireportutan deitutako grebak 3.400 hegaldi utzi ditu bertan behera
Lanuzteak aireportu hauetan izango du eragina: Munich, Stuttgart, Kolonia/Bonn, Düsseldorf, Dortmund, Hannover, Bremen, Hanburgo, Berlin-Brandenburgo, Leipzig-Halle eta Frankfurt. Imanol Pradales lehendakariak geldialdia egin behar zuen Alemanian, baina azkenean Zurichetik abiatu da AEBra.
AGENTZIAK | EITB Media
3.400 hegaldi utzi dituzte bertan behera Alemaniako 13 aireportutan astelehen honetarako deitutako grebaren ondorioz, ADV Alemaniako Aireportuen Erakundeak zabaldutako informazioaren arabera.
Verdi sindikatuak greba egitera deitu ditu zerbitzu publikoetako langileak eta hegazkinak garbitzen, kargatzen eta erregaiz hornitzen lan egiten duten lurreko langileak. Lanuzteak aireportu hauetan izango du eragina: Munich, Stuttgart, Kolonia/Bonn, Düsseldorf, Dortmund, Hannover, Bremen, Hanburgo, Berlin-Brandenburgo, Leipzig-Halle eta Frankfurt.
Hilabete amaieran egingo duten negoziazioen hirugarren bilera-sortaren atarian deitu dute lanuztea. Verdi sindikatuaren eskari nagusiak hauek dira: soldatak % 8 handitzea edo hilean gutxienez 350 euro gehiago kobratzea, hobari altuagoak aplikatzea eta aisialdi gehiago izatea.
Greba deialdiak Alemaniako aire-trafikoa geldiarazi nahi du. Egunero 6.000 hegaldi inguru izan ohi dira eta 3.000 inguruk zeharkatzen dute bertako aire espazioa.
Alemaniako greba Bilboko aireportuan ere eragina izaten ari da, eta gaur goizean Loiutik irten behar uzten hiru hegaldi bertan behera utzi dituzte. Imanol Pradales lehendakariak Alemaniako aireportu batean geldialdia egin behar zuen, baina azkenean Zurichetik abiatu da AEBra.