Mundua -

EUROPAKO BATZORDEA

Europaren defentsak 27en ardura izan behar duela eta AEBk aliatu izan behar duela esan du Von der Leyenek

Bere agintaldiko lehen 100 egunen harira emandako hitzaldian, Europako Batzordeko presidenteak egungo defentsa eredua aldatzeko beharra defendatu du. Bestalde, asteartean aurkeztuko duten migrazio proposamen berriari buruz esan du areagotu egingo dituztela legez kanpoko migratzaileen kanporatzeak.

Von der Leyen igande honetan. Argazkia: EFE
Von der Leyen igande honetan. Argazkia: EFE

Von der Leyen igande honetan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak 100 egun beteko ditu karguan asteartean, eta horren aitzakian, hitzaldia eman du igande honetan, egoeraren erradiografia egin eta aurrera begirako lan-ildoak zehazteko. Defentsaren arloan, "etxeko lanak egiteko" eta "erantzukizuna beren gain hartzeko" eskatu die berriro ere Europako gobernuei, testuinguru geopolitiko berriak eta Moskuren zein Washingtonen arteko hurbilketak hala eskatzen duelako. Defentsa gastua nabarmen igo behar dela esan du berriro, baina, era berean, AEB Europar Batasunaren eta NATOren "aliatua" dela azpimarratu nahi izan du, Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenetik harremanak tenkatu diren arren.

Von der Leyenen hitzetan, Europaren eta AEBren arteko aliantzak ez du esan nahi azken hamarkadetan "patroia" zuzena izan denik: "Aliatuak gara, baina horrek esan nahi du aliatu guztiek beren erantzukizunak onartu behar dituztela".

"Gure erantzukizunak gure bizkar gain hartu behar ditugu, eta, beraz, berrarmatzea oso garrantzitsua da, gure defentsa handitzen dugula ziurtatzeko", esan du, gogora ekarrita herrialde askok ez dutela, NATOk ezartzen duen bezala, euren BPGaren % 2 defentsa gastuetara bideratzea. "Badakigu % 2 baino gehiago beharko dugula, gainera, (...); beraz, EBk handitu egin beharko du gastua", berretsi du.

Mehatxuak ebaluatzeko segurtasun komisarioen elkargoa

Europako Batzordeko presidenteak iragarri du Europako komisarioen bilerak deituko dituela lehen aldiz, Europar Batasuneko kanpo eta barne segurtasunaren egoera ebaluatzeko, eta, horrela, balizko mehatxuen jakinaren gainean izateko.

"Ezohiko garaiek ezohiko neurriak eskatzen dituzte, eta hori Batzordeari ere aplikatzen zaio. Bide zaila dugu aurretik, eta prestatuta egoteko mentalitatea izan behar dugu. Helburu horrekin, datozen asteetan lehen Segurtasun Elkargoa deituko dut", iragarri du Von der Leyenek. Foro berri horri esker, komisarioek segurtasun gertakariei buruzko informazioa erregularki jasotzen dutela ziurtatu nahi dute, bai kanpokoa bai barnekoa, baina baita energiaren, defentsaren, zibersegurtasunaren, merkataritzaren edo atzerriko interferentzien arloan ere, besteak beste.

"Mehatxuak oso argi ulertzen baditugu, gai izango gara segurtasun kolektiboa bermatzeko bidean urratsak emateko", azaldu du Von der Leyenek.

Bruselak migratzaileak kanporatzeko plan berria aurkeztuko du

Bestalde, datorren asteartean migratzaileen itzulketak areagotzeko lege-proposamen berri baten aurkezpenaz ere hitz egin du Europako Batzordeko presidenteak. Planaren helburua itzulketak bultzatzea da, eta, era berean, Europar Batasunetik kanporatzen dituzten horiei berriro sartzeko debekua ezartzea.

"Itzulketa sistema europarra jarri nahi dugu indarrean, arau sinple eta argiagoak bultzatuta, jendeak ihes egitea saihestuz eta hemen egoteko eskubiderik ez duten hirugarren herrialdeetako pertsonak euren herrialdera itzultzea erraztuz", zehaztu du Von der Leyenek. "Irmoak izango gara, baina nazioarteko zuzenbidearen eta oinarrizko eskubideen arabera jokatuz", erantsi du.

Gai horrek bereziki kezkatzen ditu EB osatzen dute 27 herrialdeak, itzulketa tasa txikia delako. Europako Batzordearen datuen arabera, EB uzteko agindua jasotzen duten hirugarren herrialdeetako herritarren % 20 baino ez dira benetan euren herrialdeetara itzultzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Eguneko albisteak Albisteak