Mundua -

Gerra Ukrainan

AEB eta Ukraina datorren astean Saudi Arabian bilera bat egitea negoziatzen ari dira

Steve Witkoff AEBek Ekialde Hurbilerako duten ordezkari bereziak azaldu duenez, hitzordua Riaden edo Yedan izango litzateke. Zelenskik esan du Ukrainako eta AEBko talde negoziatzaileak "bilera eraikitzaile" baterako prestatzen ari direla.

Steve Witkoff, AEBren Ekialde Hurbilerako ordezkari berezia. Argazkia: EFE
Steve Witkoff, AEBren Ekialde Hurbilerako ordezkari berezia. Argazkia: EFE

Steve Witkoff, AEBren Ekialde Hurbilerako ordezkari berezia. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steve Witkoff Ameriketako Estatu Batuek Ekialde Hurbilerako duten ordezkari bereziak gaur baieztatu duenez, AEBko Administrazioa eta Ukrainako Gobernua Saudi Arabian balizko bilera bat negoziatzen ari dira, 2022ko otsailean hasitako gerrari amaiera emango dion akordio batean aurrera egiteko.

"Eztabaidan ari gara ukrainarrekin bilera bat koordinatzeko Riaden, edo Yedan. Hiria pixka bat aldatzen ari da, baina Saudi Arabian izango da. Bake akordioa eta hasierako su-etena lortzeko lan testuinguru bat prestatzea da asmoa", adierazi du Witkoffek Etxe Zuriaren aurrean.

Halaber, Witkoffek jakinarazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gutun bat bidali diola Donald Trump AEBko presidenteari, joan den astean Washingtonen izandako eztabaidaren ostean. Witkoffen ahotan, Zelenskiren mezua elkarrizketei berriz heltzeko "lehen pauso positibo" bezala hartu du Trumpek.

Witkoffek balizko batzarraren berri eman eta gutxira, Zelenskik Ukrainako eta Ameriketako Estatu Batuetako talde negoziatzaileak datorren astera begira "bilera eraikitzaile" bat egiteko prestatzen ari direla jakitera eman du.

Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du Moskuk ez diela uko egingo azken hiru urteetan Ukrainako gatazka amaitzeko ezarritako marra gorriei, eta, beraz, bere interesei gehien komeni zaien "bakearen bertsioa" aukeratuko duela. Errusiak, segurtasunari dagokionez, "lasaitasuna" lortu behar duela azpimarratu du Putinek.

Era berean, baztertu egin du lurraldeak lagatzea. "Ez dugu beste batzuena den ezer behar, baina ez diogu geureari uko egingo", gaineratu du agintariak, Errusiako albiste-agentzien arabera.

Moskuk argi utzi nahi izan du Kiev NATOn sartzearen aurka dagoela, nahiz eta Ukrainak "segurtasun bermeak" bilatzen dituen.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur adierazi duenez, Europako tropak Ukrainan zabaltzea "NATOren inplikazioa" gauzatzea izango litzateke.

Gainera, Lavrovek Emmanuel Macron Frantziako presidenteari gogorarazi dio bere herrialdeak arma nuklearrak garraiatzeko 56 sistema besterik ez dituela, eta AEBk, berriz, 898. Esan du kopuru hori ez dela nahikoa Europaren segurtasuna bermatzeko.

Moskuk Macroni "xantaia nuklearra" egitea eta "Europako patroi nuklear" bihurtzeko asmoa erakustea leporatu dio, bere aterki nuklearra alternatiba bezala proposatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski Saudi Arabia