Mundua -
ukrainako Gerra
CIAk Ukrainari informazioa bidaltzeari utzi dio, Trumpen eta Zelenskiren arteko ika-mika dela eta
Hala ere, John Ratcliffe CIAren zuzendariak adierazi du balitekeela informazioa trukatzeari berrekitea Zelenskik Trumpi bidalitako gutunaren ostean. Eskutitz horretan, Ukrainako agintariak Errusiarekin bakea negoziatzeko prest dagoela adierazi du.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuek Ukrainarekin inteligentzia informazioa partekatzeari utzi diote Donald Trump AEBko presidentearen eta Volodimir Zelenski Ukrainako buruzagiaren arteko istiluaren ondotik, John Ratcliffe CIAren zuzendariak gaur baieztatu duenez.
Fox News telebista-kateak egindako elkarrizketa batean, Ratcliffek adierazi du balitekeela informazioa trukatzeari berrekitea, Zelenskik Trumpi bidalitako gutunaren ostean. Eskutitz horretan, Ukrainako agintariak Errusiarekin bakea negoziatzeko prest dagoela adierazi du, eta horrek jarrerak hurbiltzeko atea ireki lezake.
Oraingoz, ordea, Washingtonek bertan behera utzi dio inteligentzia arloko informazioa eta armak bidaltzeari. Horrek 1.000 milioi dolarreko balioa duen armamentuari eragiten dio, eta arma horietako batzuk prest zeuden Poloniatik eta beste estatu batzuetatik Ukrainako muga zeharkatzeko.
Ratcliffek azaldu duenez, etenaldia Zelenskirekin izandako liskarraren ondorioz gertatu zen. "Trumpek zalantzak zituen Zelenski presidenteak bake prozesuarekin konpromisoa ote zuen, eta etenaldi bat egitea erabaki zuen", onartu du CIAren zuzendariak. Hala ere, Ratcliffek ez du zehaztu etenaldia ostiraleko bileraren ostean berehala aplikatu zen. AEBko goi-funtzionario batek asteartean EFEri azaldu zionez, Washingtonek inteligentzia informazioa partekatzen jarraitzen zuen Ukrainarekin, egun horretako goizera arte behintzat.
Washingtonen informazioa funtsezkoa izan da Ukrainako Armadak erasoei aurre egiteko eta Errusian helburuak lortzeko.