Mundua -

ukrainako Gerra

Zelenskik preso guztiak askatzea eta su-etena proposatu du, Trumpek laguntza guztia geldiarazi ostean

Gainera, Ukrainako presidenteak Donald Trump AEBko presidenteari eskatu dio bi estatuen arteko lankidetza berrezartzea; izan ere, Kievi emandako laguntza militar guztia geldiaraztea agindu du Washingtonek.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Argazkia: EFE
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Argazkia: EFE

Zelenskik eskua luzatu dio Trumpi bakerako bidean aurrera egiteko

0:41

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bi aldeetako preso guztiak askatzea proposatu du gaur, baita energia azpiegituren aurkako erasoei amaiera emango dien itsasoko eta aireko su-eten bat ere, Errusiarekin gerrarako irtenbidea negoziatzea lortzeko lehen urrats gisa.

"Prest gaude gerra amaitu dadin azkar lan egiteko, eta lehen faseak presoak askatzea eta airean eta itsasoan su-etena berehala ezartzea izan daitezke lehen urratsak, Errusiak gauza bera egiten badu", idatzi du Zelenskik, X sare sozialean argitaratutako mezu batean. Era berean, Donald Trump AEBko presidenteari bi estatuen arteko lankidetza berrezartzea eskatu dio.

AEBko agintariak Ukrainari ematen zaion laguntza militar guztia geldiaraztea agindu du gaur, baita aurretik hitzartutakoa eta bidean dagoena ere.

Gainera, bakea lortzeko AEBko presidentearen "lidergo sendoaren" esanetara jarri dela adierazi du Zelenskik, eta erantsi du Washingtoni lur arraroen akordioa "komeni zaion formatuan" sinatzeko prest dagoela.

"Nire gobernua eta biok Trump presidentearen gidaritzapean lan egiteko prest gaude, bake iraunkorra lortzeko", azpimarratu du Zelenskik sare sozialetan.

"Gutako inork ez du nahi gerra amaigaberik. Ukraina prest dago negoziazio mahaian lehenbailehen esertzeko, bake iraunkorra lortzeko. Inork ez du bakea nahi ukrainarrek baino gehiago", nabarmendu du Ukrainako presidenteak.

"Asko baloratzen dugu AEBk Ukrainari bere subiranotasuna eta independentzia mantentzen laguntzeko egin duena", esan du Zelenskik, eta eskerrak eman dizkio Trumpi bere Administrazioaren ahaleginengatik; hori da, hain zuzen ere, Trumpek berak eta JD Vance presidenteordeak ostiralean Bulego Obalean aurpegiratu zioten gauzetako bat.

Zelenskik deitoratu du joan den astean Trumpekin izandako bilera ez zela "espero bezala atera", baina "gauzak bideoneratzeko garaia" dela gaineratu du.

"Etorkizuneko lankidetza eta komunikazioa eraikitzaileak izatea gustatuko litzaiguke", adierazi du. Ildo horretan, Ukraina lur arraroei buruzko akordioa "edozein unetan eta formatutan" sinatzeko prest dagoela ziurtatu du, "segurtasun handiagoa lortzeko urratsa baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski