Mundua -
'Europa berrarmatu'
Europar Batasunean gastu militarra areagotzeko Von der Leyenek aurkeztutako egitasmoaren gakoak
Besteak beste, EBren aurrekontuak babestutako maileguak, defentsarako "inbertsioak" defizitaren kalkulutik at uztea, gastu militarra handitzeko kohesio-funtsak bideratzea eta Europako Inbertsio Bankuaren laguntza proposatu ditu Europako Batzordearen presidenteak.
Agentziak | EITB Media
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gastu militarra handitzeko plan bat aurkeztu du astearte honetan, Europar Batasunean (EB) "800 000 milioi euro inguru" mobilizatzeko, "segurtasunean eta defentsan inbertitzeko", Estatu Batuak Europako aliatuengandik urruntzen ari diren une honetan. 'Europa Berrarmatu' izena jarri diote planari, eta bost puntu ditu.
150.000 milioi mailegutan banatzeko finantza-tresna berria
Tresna berri horrek Europar Batasunaren aurrekontuak babestutako maileguak emango dizkie estatu kideei.
150.000 bat milioi euro baliatuta, "EBk Europaren defentsa-ahalmenetan inbertsioak azkar eta nabarmen areagotzea lortzeko egiten dituen ahaleginak sendo babestuko lituzke, une eta hamarkada honetan", azaldu du Von der Leyenek, 27 estatu kideetako estatuburuei eta gobernuburuei gaur bidalitako gutunean.
EBren presidentearen arabera, finantziazio hori erabil liteke aireko eta misilen aurkako defentsarako, artilleriarako, misil eta munizio sistemetarako, droneetarako eta horien kontrako sistemetarako, mugikortasun militarrerako, azpiegitura kritikoa babesteko edo ziberespazioarekin eta adimen artifizialarekin lotutako zereginetarako.
Komunikabideen aurrean egindako adierazpenean, Von der Leyenek adierazi du tresnak aukera emango diela estatu kideei eskaria bateratzeko eta elkarrekin erosteko.
Defentsarako "inbertsioak" defizit kalkulutik kanpo uztea
Egitasmoak Egonkortasun eta Hazkunde Ituneko "ihes-klausula nazional" izenekoa martxan jartzea ere jasotzen du, eta horiei esker defentsako "inbertsioak" defizit-kalkulutik at geratuko lirateke. Egonkortasun eta Hazkunde Itunak estatu kideen zor eta defizit publikoa gainditu behar ez duten mugak finkatzen ditu.
Von der Leyenek gutunean azaltzen duenez, EBren zerga-esparrua "malgutasunez" diseinatu zen, "finantza egonkortasunaren beharra eta krisi testuinguruetan erabakitasunez jarduteko aukera uztartzeko".
"Batzordeak proposatuko du modu koordinatuan martxan jartzea Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren ihes-klausula nazionala. Horrek EBren ahaleginak suspertuko ditu, defentsako gastua azkar eta nabarmen handitzea lortzeko, aurrekaririk gabeko segurtasun eta defentsa egoerari erantzuteko", azpimarratu du Alemaniako politikariak.
Erantsi du 150.000 milioiko tresna berriaren maileguak ihes-klausularen onuradun izango direla.
Kohesio-funtsak gastu militarra handitzeko bideratzea
EBren presidenteak prentsaren aurrean adierazi duenez, Europako Batzordeak "aukera gehigarriak eta pizgarriak" proposatuko ditu, estatu kideek erabaki dezaten kohesio politikako programak gastu militarra areagotzeko erabili nahi dituzten.
Gutunean, hainbat aukera planteatzen dira, hala nola defentsaren sektoreko enpresa handiei laguntzeko dauden murrizketak ezabatzea, finantza pizgarriak handitzea, defentsan inbertitutako funtsen kontzentrazioari buruzko arauak malgutzea edo EBko beste funts batzuetara borondatez dirua bideratzeko prozesua erraztea, helburua defentsakoa izanez gero.
Europako Inbertsio Bankuaren laguntza
Von der Leyenen esanetan, egungo egoerak "finantziazio iturri posible guztiak" aintzat hartzea eskatzen du, eta Europako Inbertsio Bankuak (EIB) zeregin "argia eta erabakigarria" du.
"EIB Taldearen Segurtasunari eta Defentsari buruzko ekintza plana lehen urrats garrantzitsua da, eta azkar martxan jartzen dela ziurtatu behar dugu. EIBk datozen aldaketei buruzko xehetasunak emango ditu, finantziazioa gehiago zabaltzeko eta, aldi berean, finantza gaitasuna babesteko", gaineratu du Alemaniako politikariak gutunean.
Europarren aurrezkiak EBn inbertitzen direla ziurtatzea
Azkenik, Von der Leyenen gutunak azpimarratzen du ziurtatu behar dela europarren aurrezkiak, "milaka milioi", EBren barruko merkatuetan inbertitzen direla. "Horretarako, Kapital Merkatuen Batasuna osatzea ezinbestekoa da", nabarmendu du.