Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Ukrainari laguntza militar guztia geldiarazteko agindu du Trumpek

Joan den ostiralean Etxe Zurian Trumpen eta Volodimir Zelenski Ukrainiako agintariaren artean izandako liskarraren lehen ondorioa da AEBko presidentearen erabakia.

Trump eta Zelenski aurreko ostiralean. Argazkia: EFE
Trump eta Zelenski aurreko ostiralean. Argazkia: EFE

Trump eta Zelenski aurreko ostiralean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako agintariak Ukrainari laguntza militar guztia geldiaraztea agindu du, baita aurretik hitzartutakoa eta bidean dagoena ere, AEBko goi-funtzionario batek baieztatu duenez.

Iturriaren arabera, presidenteak bakea lortzeko interes handia du eta "bazkide guztiak helburu horrekin konprometituta egon daitezen" behar du.

Horregatik, "eten egingo dugu (laguntza militarra) eta berrikusiko dugu konponbide bat lortzen lagunduko duen ziurtatzeko".

Neurri horrek dagoeneko Polonian dauden armak eta ekipamendua entregatzea geldiarazi du, Fox News kate kontserbadoreak jakitera eman duenez (Trump administrazioarekin konexio zuzena duen hedabidea).

AEBko presidentearen erabakia joan den ostiralean Etxe Zurian Trumpen eta Volodimir Zelenski Ukrainiako agintariaren artean izandako liskarraren lehen ondorioa da.

Ukrainako laguntza militarra geldiarazteko erabakia hartu du Trumpek, besteak beste, Marco Rubio Estatu idazkariarekin eta Pete Hegseth Defentsa idazkariarekin bildu ostean.

Bere aldetik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europatik jaso duen babesari erreferentzia egin dio, AEBri berriro eskatzeko Ukrainarentzat ezinbestekoak diren segurtasun bermeak kontuan har ditzala, Errusiarekin negoziazio formalak hasi aurretik. Errusiak, berriz, garrantzia kendu dio Frantziak eta Erresuma Batuak bakea lortzeko bide-orri propioa aurkezteko abian jarritako ekimenari.

"Abiapuntu bera dugu guztiok: benetako bakea lortzeko, benetako segurtasun-bermeak behar dira. Eta hori da Europa osoaren jarrera, kontinente osoarena. Erresuma Batua, Europar Batasuna, Norvegia, Turkia", esan du Zelenskik goizaldean nazioari zuzendu dion hitzaldi batean, Londresen egindako goi-bileraren ondoren. Bilera horretan, dozena bat herrialdetako ordezkariek babesa eman zioten Etxe Zurira egindako bisita gogorraren ostean.

Zelenskik adierazi duenez, Europako buruzagi nagusiek eta Ukrainak "jarrera komunak" zehaztuko dituzte epe laburrean, eta, ondoren, Donald Trump AEBko presidenteari helaraziko dizkiote.

Zelenskik aipatu dituen "jarrera komun" horiek igandean Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak iragarritako ekimenetik abiatuko dira. Ekimen horrekin, bat egiten duten herrialdeek Ukrainari ematen dioten laguntza militarra areagotuko dute, negoziazioetara indartsu irits dadin, eta, aldi berean, AEBren babesa izango duen Europan bakerako indar bat sortzea adostu nahi dute.

Errusiaren jarrera

Kremlinek uste du Starmerrek abiatutako planak "kontraesanak" dituela: "Han (Londresen) Ukrainarentzako finantzaketa maila handiagoa urgentziaz bermatzeko beharrari buruzko adierazpenak entzun ziren. Hori, argi eta garbi, ez da bake plan baterako, ekintza militarrekin jarraitzeko baizik", esan du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, prentsaurreko telefonikoan.

Zelenskiren eta Trumpen arteko ika-mika ere hizpide izan du Peskovek: "Kievek eta Zelenskik ez dute bakea nahi. Gerrarekin jarraitu nahi dute", adierazi du.

Gainera, Errusiako agintariek ez dute begi onez ikusten Starmerren planean aurreikusten den bezala, Errusiarekin gerra amaitzea lortu ondoren ere Ukrainari armak bidaltzen jarraitzea, proposamen hori "pedofilo kleptomano bati haurtzaindegi batean kontu-hartzaile lana ematea bezala da", idatzi du Telegramen Maria Zajarova Atzerri Ministerioaren bozeramaileak.

Starmer: AEB "ezinbestekoa da eta beti izango da" Erresuma Batuarentzat

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa bertako Parlamentuan izan da gaur joan den ostegunean AEBko presidentearekin izan zuen bileraren laburpena egiteko, eta hau adierazi du: "Argi eta garbi esango dut, Amerikarekin dugun harremana indartu behar dugu, gure segurtasunagatik, gure teknologiagatik, gure merkataritza eta inbertsioagatik".

"Estatu Batuak ezinbestekoak dira eta beti izango dira, eta guk ez dugu inoiz Atlantikoaren alde bat edo bestea aukeratuko", gaineratu du.

Donald Trumpek Zelenskirekin izandako jarrera polemikoaren gainean, buruzagi laboristak esan du inork ez lukeela zalantzarik izan behar Trump presidenteak Ukrainaren eta Errusiarekin arteko gerran bakea lortu nahi duenik: "Ganbera honetan inork ez luke zalantzan jarri behar, ezta segundo batez ere, bere konpromisoa zintzoa dela", azpimarratu du.

Halaber, lehen ministroak berretsi du Ukrainaren etorkizuna ezinbestekoa dela Erresuma Batuaren "segurtasunaren etorkizunerako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski