Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Frantziak hilabeteko su-etena proposatu du Ukrainarako, eta Erresuma Batuak dio aukeretako bat dela
Frantziako Atzerri Gaietarako ministroak uste du orduan ikusiko litzatekeela Putinek "asmo onik ba ote duen"; baina Londresen arabera, baliteke Errusiak indarra hartzeko baliatzea denbora-tarte hori.
agencias | eitb media
Jean-Noel Barrot Frantziako Atzerri Gaietarako ministroak esan du Ukrainaren eta Errusiaren arteko su-eten batek agerian utziko lukeela Vladimir Putin Errusiako presidenteak "asmo onik ba ote duen" bake "sendo eta iraunkorra" lortzeko, bake akordio baten negoziazioei begira.
Proposamen horixe aurkeztu zuten atzo Frantziak eta Erresuma Batuak, Ukrainaren egoerari buruz Europako buruzagiek egin zuten goi-bileraren ostean, baina ordu batzuk geroago, Erresuma Batuak esan du aukeretako bat dela soilik, eta Errusiak denbora hori indarrak hartzeko erabiliko ote duen beldur da.
Barrotek esan du hilabeteko su-etenaren ostean hasiko liratekeela "benetako bake negoziazioak" eta adierazi du: "bakea nahi dugu, baina bake sendo eta iraunkorra".
Era berean, Donald Trump AEBko presidenteak hirugarren mundu gerraren arriskuaz egin zituen adierazpenen harira, esan du "inoiz ez" dela egon gaur egun dagoen pareko arriskurik "Europar Batasunean gerra bat egoteko". "Duela 15 urtetik, mehatxua gerturatu egin da etengabe. Frontea guregana gerturatzen ari da etengabe", azaldu du.
"Horregatik esan izan du Frantziako presidenteak, duela zazpi urtetik, defentsa handitu behar dugula, mehatxua uxatzeko. Gaur egun ikusten ari garenak eta atzo Londresen ikusi genuenak errealitatea ikusi nahi ez zuten europar batzuei esnarazi die", gaineratu du.
Erresuma Batuak, bere aldetik, garrantzia kendu dio proposamen horri, borrokaldian etenaldia egiteak Errusiari berriro indarra hartzeko aukera emango liokeelako, ondoren gogorrago eraso egin ahal izateko. Hori adierazi du gaur Luke Pollar Erresuma Batuko Armadaren Estatu idazkariak.