Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Von der Leyen, Londresko hitzorduaren ostean: "Ukraina eta Europa lehenbailehen berrarmatu behar ditugu"

Europako Batzordearen buruak beharrezkotzat jo du kontinenteak "aurrerapauso erraldoi bat" ematea, defentsa indartzeko. Iragarri du datorren ostegunean, martxoak 6, Bruselan egingo den Europako buruzagien goi-bileran helburu hori betetzeko "plan oso bat" aurkeztuko duela.

Ursula Von der Leyen gaur Londresen. Argazkia: EFE
Ursula Von der Leyen gaur Londresen. Argazkia: EFE

Ursula Von der Leyen gaur Londresen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak Ukraina eta Europa "lehenbailehen" berrarmatzeko beharra azpimarratu du igande honetan, Europako segurtasunaz eta Ukrainako gerraz aritzeko Londresen egindako goi-bileraren amaieran.

"Ukraina eta Europa berrarmatu behar ditugu", adierazi du Von der Leyenek prentsaurrekoan, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak deitutako hitzorduaren amaieran.

Europako Batzordearen buruak beharrezkotzat jo du kontinenteak defentsan "aurrerapauso erraldoi bat" ematea, eta iragarri du datorren ostegunean, martxoak 6, Bruselan egingo den Europako buruzagien goi-bileran helburu hori betetzeko "plan oso bat" aurkeztuko duela.

Ukrainaren defentsa ahalmena defendatu ondoren, Kievek "segurtasun berme integralak" behar dituela berretsi du, "bere egoera ekonomikoa eta militarra egonkortzeko".

Ukrainaz haratago, Europa berrarmatzeari buruz ere hitz egin du. "Orain ezinbestekoa da defentsarako inbertsioa denbora luzez handitzea. Europar Batasunaren segurtasunagatik da. Bizi garen ingurune geoestrategikoan okerrenerako prestatu nahi dugu, eta, beraz, defentsa indartu behar dugu", adierazi du.

AEBko Gobernuari zer mezu emango liokeen galdetuta, hauxe erantzun du: "Prest gaude zuekin batera demokrazia eta arauak defendatzeko. Ezin dela bizilaguna inbaditu eta jazarri, eta ezin direla mugak indarrez aldatu", esan du.

Ruttek esan du hainbat herrialdek berehala iragarriko dutela gastu militarra handituko dutela

Von der Leyenen ildo beretik, Mark Rutte NATOren idazkari nagusiak ziurtatu duenez, hainbat herrialdek defentsarako aurrekontua handitzeko asmoa agertu dute igande honetan Londresen izandako bileran.

Ruttek nabarmendu du "oso topaketa ona" izan dela. "Gaur mahaian iragarpen berriak entzun ahal izan ditut, eta ez ditut nik iragarriko, eurek egin behar dute, baina oso albiste ona da Europako herrialdeek defentsako gastua handitzea", defendatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Brusela Europa Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski Europako Parlamentua