Mundua -
SU-ETENA GAZAN
Israelek Gazan laguntza sartzeko atea itxi du, ramadanean su-etena luzatzea onartu badu ere
Su-etenaren lehenengo fasea amaitu ostean eta bigarrenerako akordiorik gabe jarraitzen dutenean egin du.
agentziak | eitb media
Hamasek eta Israelek adostutako su-etenaren lehenengo fasea amaitu den egunean bertan, Israelgo agintariek ateak itxi dizkiote igande honetan Gazan sartu nahi zen laguntza humanitarioari, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bulegoak iragarri duenez.
Hala eta guztiz ere, onartu egin du "behin-behinean" su-etena luzatzea Ramadana eta Pazkoa ospatzen duten bitartean.
"Israelek onartu egin du Steve Witkoff AEBren ordezkariak Ramadanean eta Pazkoan behin-behineko su-etena egiteko eskaera", esan du lehen ministroaren bulegoaren oharrak.
Hamasen iritzian, Netanyahuk su-etenaren lehen fasea bigarren fasera igaro gabe luzatzea "akordioa saihesteko eta bigarrenerako negoziazioetan sartzea saihesteko ahalegin nabarmena da", eta, aldi berean, Gazarako laguntza humanitarioa eteteko erabakia "xantaia merkea" da.
Igande honetan bere kanaletan zabaldutako ohar batean Hamasek adierazi du Netanyahuk hartutako erabakia "gerra krimena" dela eta su-eten akordioa urratzen duela.
Ildo beretik mintzatu da igande honetan Bader Abdelati Egiptoko Atzerri ministroa ere; izan ere, Israeli gogorarazi dio Israelek eta Hamasek Gazarako hitzartutako su-eten akordioak laguntza humanitarioa inolako oztoporik gabe sartzea jasotzen duela.
Egiptok beste proposamen bat aurkeztu du
AEBrekin eta Qatarrekin batera bitartekari lanak egiten ari den Egiptok Gazako su-eten akordioaren lehen fasea bi astez luzatzeko proposamena aurkeztu du.
Agentzien arabera, "Kairok Israelen eta Hamasen arteko su-etenerako 'adiskidetze' proposamena aurkeztu du. Horren arabera, akordioaren lehen fasea bi astez soilik luzatuko litzateke", ziurtatu du elkarrizketen gertuko iturri batek.
Hala, luzapena ez litzateke Steve Witkoff Donald Trump AEBko presidentearen mandatariak proposatutakoa izango. Izan ere, hark su-etenaren lehen fasea Ramadana eta Pazkoa pasa arte luzatzeko eskatu du.
Era berean, Israelgo ordezkaritza bat Kairora "datozen orduetan" iritsiko dela aurreikusi dute, "proposamena aztertzeko", baina ez dute xehetasun gehiagorik eman.
Su-etenaren hurrengo faseari buruzko elkarrizketak geldirik daude, larunbat honetako gauerdian lehenengo fasea amaitu denean Israelek eta Hamasek ez baitute akordiorik lortu jatorrizko akordioaren bigarren fasea ezartzeko. Bigarren fase horrek Israelgo gainerako bahituak askatzea eta su-eten iraunkor baterako konpromisoa hartzea luke helburu.
Gazako Zerrendako su-etenaren lehen fasea urtarrilaren 19an sartu zen indarrean, 15 hilabetetik gorako gerraren ondoren, eta igande honetan ekin behar zioten bigarrenari, baina bigarren fasea martxan jartzeko elkarrizketarik ez da egin oraindik.