Mundua -
Ukrainako gerra
Eztabaida beroa Etxe Zurian: Trumpek "Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean aritzea" egotzi dio Zelenskiri
Bi agintariek ika-mika izan dute Bulego Obalean, eta AEBko presidenteak Ukrainakoari esan dio ez dagoela bere baldintzak inposatzeko moduan. "Une honetan ez duzu jokaldi onik esku artean", ohartarazi dio.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak eztabaida beroa izan du gaur Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin Etxe Zuriko Bulego Obalean. Trumpek Zelenskiri esan dio ez dagoela bere baldintzak inposatzeko moduan. "Une honetan ez duzu jokaldi onik esku artean", ohartarazi dio AEBko agintariak Ukrainakoari komunikabideen aurrean, eta "Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean aritzea" leporatu dio.
Zelenskik, bere aldetik, esan du ez duela onartuko "su-eten soil bat", "segurtasun bermeak" adosten ez badira.
Etxe Zuriko Bulego Obalean egindako agerraldian, Zelenskik argudiatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak "25 aldiz" hautsi dituela iraganean su-etenak. "Segurtasun bermeak adostu eta europarrek soldaduak bidali eta gero, AEBren babesa beharko dugu", gaineratu du.
Trumpek azpimarratu du "gertu" dagoela Ukrainako gerrari amaiera emateko akordioa. "Une zirraragarria", nabarmendu du.
Halaber, Trumpek esan du konfiantza duela Vladimir Putin Errusiako presidentearengan; izan ere, harekin hitz egin zuen otsailaren 12an, bakerako bide bat jorratzeko. Zelenskik, ostera, guztiz kontrakoa azaldu du, konfiantza eza, horren iritzian.
"Putin presidentearekin hitz egin dut, aspalditik ezagutzen dut, eta uste dut konpromiso handia duela", berretsi du Trumpek.
Bi buruzagiek akordio bat sinatu behar zuten gaur, eta, horren arabera, Ukrainak bere baliabide naturalak ustiatuta lortzen dituen diru-sarreren % 50 partekatu behar zituen AEBrekin. Hala ere, gertatutakoaren ondotik, dena bertan behera geratu da.
"Indusketa, indusketa eta indusketa"
Tratu hori "oso bidezkoa" zela uste du Trumpek, eta AEB "indusketa, indusketa, indusketa eta indusketa" egiteko irrikan zegoela esan du, baliabide natural horiei etekina ateratzeko.
Aurreikuspenen arabera, etorkizunean zehaztu behar zuten, beste akordio batean, material horiek nola ustiatu; izan ere, horietako asko gaur egun Errusiak Ukrainan okupatu dituen eremuetan daude.
Baliabideen inguruko akordio hori gerraren ostean herrialdea berreraikitzeko lanak finantzatzeko berme bezala aurkeztu du gaur arte Kievek. Munduko Bankuaren arabera, zeregin horretarako 524.000 milioi dolar beharko dira. Trumpek, aldiz, AEBk Ukrainari laguntza militarra emateko erabili dituen milaka milioi dolarrak itzultzeko modu gisa definitu du.
Hala ere, itunak ez zuen "segurtasun bermerik" aurreikusten, eta Ukrainak eta bere aliatu europarrek hori eskatu diote Washingtoni, "Errusiaren beste eraso baten arriskuaren aurrean".
Zelenskiren helburu nagusia Trump konbentzitzea zen, hain zuzen ere, segurtasun arloan babesa eman diezaion Errusiaren "beste eraso baten mehatxua" saihesteko.
"Espero dut dokumentu hau, lehen dokumentu hau, Ukrainarako benetako segurtasun bermeak lortzeko lehen urratsa izatea. Eta, jakina, eskatzen dugu Ameriketako Estatu Batuek ez diezaiotela babesa emateari utzi. Guretzat oso garrantzitsua da", esan dio AEBko presidenteari bileraren hasieran.
Sinadurarik gabe liskarraren ondoren
Bi agintariek Bulego Obalean jendaurrean ika-mika izan ostean Etxe Zuriko iturriek esan dutenez, AEBko presidenteak eta Ukrainako buruzagiak sinatu behar zuten akordioa azkenean ez dute sinatu.
Etxe Zurian egindako adierazpenek 50 minutu iraun dute. Bileraren hasieran, Trump eta Zelenski adeitsu agertu dira, baina elkarrizketak ordu erdi zeramanean, JD Vance AEBko presidenteordeak hartu du hitza, eta eztabaida berotu egin da.
Tirabira horren ostean, Trumpek Truth Social bere sare sozialean iragarri du ez lukeela Zelenskirekin negoziatuko. AEBri "errespetua galdu" izana aurpegiratu dio Ukrainako agintariari, eta "bakerako prest dagoenean" Washingtonera itzul daitekeela esan dio.
Bulego Obalean egindako bileraren ostean, Trumpek eta Zelenskik elkarrekin bazkaltzeko eta prentsaurrekoa emateko asmoa zuten, baina bertan behera geratu dira biak.