Mundua -

Frantzisko aita santua

Aita santuak egoera kritikoan jarraitzen du eta giltzurrun arazoak izaten hasi da

Aita santuak eskerrak eman dizkie Erromako Gemelli erietxeko osasun-langileei, eta "konfiantza" du jarri dioten tratamenduan. Arnas krisi berririk izan ez duen arren, odol-analisi batzuek giltzurrun arazoak izaten hasi dela erakutsi dute, igande arratsaldean zabaldutako oharraren arabera.

Hospital Gemelli de Roma. EFE.
Hospital Gemelli de Roma. EFE.

Hospital Gemelli de Roma. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak egoera kritikoan jarraitzen du Erromako Gemelli ospitalean. Ez du arnas krisi berririk izan, baina odol-analisi batzuek erakutsi dute giltzurrunetako gutxiegitasun arina duela, oraingoz kontrolpean dutena, Vatikanoak arratsaldean zabaldutako parte medikoaren arabera.

Goizeko oharrean jakinarazi dute aita santuak atseden hartu duela gauean, baina larunbatean arnas krisia izan zuenean bezala, oxigenoaren beharrean jarraitzen duela. Arnasa hartzeko zailtasunak direla eta, aita santuak azken egunetan baino min handiagoa du, Vatikanoko iturrien esanetan.

Frantzisko Erromako Gemelli erietxean dago otsailaren 14tik, bi biriketako pneumoniagatik. Larunbatean jakinarazi zutenez, "aita santuaren egoerak kritikoa izaten jarraitzen du", eta "oraingoz pronostiko erreserbatua" du.

Aita santuak arnas krisi asmatiko luze bat izan zuen atzo, eta "fluxu handiko oxigenoa ere eman behar izan zioten", atzo zabaldutako osasun-txosten baten bidez azaldu zutenez, eta gaur oxigenoa ematen jarraitu behar izan dute.

Medikuen esanetna, "gaur egindako odol-analisiek tronbozitopenia (plaketak odolean normala baino kopuru txikiagoan) duela erakutsi dute, anemiarekin lotuta, eta horrek odol-transfusioak egitea eskatu du".

Aita santuaren esker ona

Bitartean, Vatikanoan Jubileuko ekitaldiekin jarraitzen dute, eta gaur diakonoei eskainitako meza eman dute. Frantzisko aita santuaren ordez, Rino Fisichellak eman du meza, San Petriren basilikan.

Vatikanoak angelusaren otoitzaren testua ere zabaldu du. Aita santuak berak idatzitako mezuan azaldu duenaren arabera, "konfiantzaz" jarraitzen du erietxeko egonaldia, "beharrezko tratamenduak" jasotzen. "Atsedena ere terapiaren parte da", gaineratu du.

"Bihotzez eskertzen diet ospitale honetako medikuei eta osasun-langileei eskaintzen ari diren arreta eta gaixoekin egiten duten lana", esan du. Aita santuak bere mezua zabaldu du, baina ez da angelusik izan, atseden har dezan.

"Egun hauetan maitasun mezu asko iritsi zaizkit, eta bereziki hunkitu naute haurren gutun eta marrazkiek. Mila esker hurbiltasun honengatik eta mundu guztiarengandik jaso ditudan babes-otoitzengatik! Guztioi Mariaren eskuetan jartzeko gomendioa egiten dizuet, eta nire alde otoitz egiteko eskatzen dizuet", erantsi du Frantziskok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gizartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Erlijioa Eliza Katolikoa