Mundua -

Vatikanoa

Frantzisko aita santua egoera kritikoan dago, arnas krisi bat izan ostean

"Aita santuak larri jarraitzen du, eta ez dago arriskutik kanpo. Goizean arnas krisi asmatiko bat izan du, eta oxigenoa jarri behar izan diote", dio Vatikanoak zabaldutako oharrak.

Moja bat aita santuari otoi egiten. Argazkia: EFE
Moja bat aita santuari otoi egiten

Moja bat aita santuari otoi egiten. Argazkia: EFE

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santua "egoera kritikoan" dago Gemelli ospitalean, gaur goizean izandako arnas krisiaren ondorioz. Plaketa kopurua nabarmen jaitsi zaio, eta odol-transfusioa egin behar izan diote, medikuek emandako azken partearen arabera.

"Aita santuak larri jarraitzen du, eta ez dago arriskutik kanpo. Goizean arnas krisi asmatiko bat izan du, eta oxigenoa jarri behar izan diote", dio Vatikanoak zabaldutako oharrak.

"Gainera, gaur egin dizkioten odol-analisiek erakutsi dute odolean duen plaketa kopurua oso baxua dela, eta pairatzen ari den anemiarekin dagoela lotuta. Horregatik, odol-transfusioa egin behar izan diote", azaldu dute Vatikanotik.

"Eguna besaulki batean eserita eman du, baina atzo baino okerrago dago", erantsi dute. "Oraingoz pronostiko erreserbatua du", esan dute.

Gutxienez, aste osoa emango du ospitalean aita santuak, pneumonia bilaterala guztiz osatu, eta Santa Martako bere egoitzan tratamenduarekin jarraitzeko aukera izan arte. Erromako Gemelli ospitaleko Kirurgia arduradun Sergio Alfieri sendagilearen esanetan, "denbora beharko du osatzeko".

88 urte ditu Frantzisko aita santuak, eta iragan asteko ostiralean ospitaleratu zuten, bronkitis bat tarteko, arnasketa arazoak zituelako. Handik gutxira, pneumonia bilaterala diagnostikatu zioten.

Infekzioagatik ospitaleratu zuten, baina, haren osasun-egoerak okerrera egin zuen gerora etorri zitzaion pneumoniagatik.

Igande honetan, angelusa soilik entzungo da, aita santuak atseden har dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Frantziskoren biografia Eguneko albisteak Albisteak Italia Eliza Katolikoa