Mundua -
NASA
2024 YR4 asteroideak Lurraren aurka talka egiteko arriskua erdira jaitsi da
Otsailaren 18an, talka-arriskua % 3,1era igo zuten, NASAk tamaina horretako objektu batentzat inoiz iragarri duen handiena, baina gauean bildutako datuek % 1,5era murriztu dute probabilitatea.
Agentziak | EITB Media
2024 YR4 asteroideak Lurraren aurka talka egiteko arriskua % 3,1era igo eta 24 ordu baino gutxiagora, NASAk kalkuluak eguneratu eta % 1,5era jaitsi du arrisku hori, AEBko espazio agentziak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
NASAren oharrak azaltzen duenez, ilargi beteak astebetez ikusgarritasuna mugatu ondoren, zerua ilunago dago orain, eta horrek 2024 YR4 asteroidearen behaketei berriro ekitea ahalbidetu die astronomoei, eta talkaren arriskua erdira jaitsi dute.
Lurretik Gertu dauden Objektuen Ikerketa Zentroak (CNEOS) kalkuluak 24 ordutan aldatu ditu. Otsailaren 18an, CNEOSek asteroidearen talka-arriskua % 3,1era igo zuen, NASAk tamaina horretako objektu batentzat inoiz eman duen handiena, baina gauean bildutako datuek % 1,5era murriztu dute probabilitatea.
3. maila Turingo Eskalan
2024 YR4 meteoritoak 40 eta 90 metro arteko diametroa du, eta Turingo Eskalan -asteroide batek dakarren arriskua neurtzen du- 3. mailan mantentzen da (maximoa 10), hau da, arreta merezi du astronomoen aldetik.
"Azterketen gau bakoitzak hobetu egiten du asteroidea 2032ko abenduaren 22an izango duen kokapena ezagutzeko kalkulua, eta datu nahikoak biltzea garrantzitsua da, gure defentsa planetarioko adituek Lurrarentzat arriskua zehaztu ahal izateko", azpimarratu du NASAk oharrean.
Asteroide horrek Ilargiaren kontra talka egiteko aukera txikiagoa ere badago. NASAren egungo kalkuluen arabera, talka-arrisku hori % 0,8koa da.
IAWN eta SMPAG, NBEk babestutako lantaldeak
Bere tamainagatik eta une jakin batean % 1etik gorako talka-arriskua izan duenez, NBEk babestutako bi erantzun lantalde martxan jartzea eragin duten irizpideak betetzen ditu 2024 YR4 asteroideak: Asteroideen Alertarako Nazioarteko Sarea (IAWN) eta Misio Espazialen Plangintzarako Aholku Taldea (SMPAG).
IAWNko adituak astero biltzen dira jarraipena egiteko; SMPAG, berriz, maiatzean batzartuko da berriro, bildutako datu guztiekin, meteoritoa jada Lurretik ikusi ezin denean.
Lurreko teleskopioen irismenetik kanpo geratzen denean, James Webb teleskopio espazialak neurtuko du haren ibilbidea. Asteroideak gure planetatik gertu egongo da 2028ko abenduan, baina urte horretako udaberritik aurrera ikusi ahal izango da. Hori izango litzateke aukera, lehenago egin ez bada, harriaren ibilbidea behin betiko zehazteko.