Mundua -

GERRA KOMERTZIALA

Nolakoak dira Trumpek iragarritako "elkarrekiko muga-zergak" eta zein dira sektorerik kaltetuenak?

Trumpen administrazioaren arabera, Europar Batasunak muga-zerga gehiago ezartzen dizkio AEBri, alderantziz baino, eta neurriak iragarri ditu horiek parekatzeko.

Trumpen muga zerga berriak EBri. EITB Media
Trumpen muga zerga berriak EBri. EITB Media

Trumpen muga zerga berriak EBri. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak lehen pausoa eman du herrialdeen araberako "elkarrekiko muga-zergak" ezartzeko. Gauzak horrela, produktu estatubatuarrak zergapetzen dituzten herrialdeak banan-banan aztertu, eta horietako bakoitzak AEBko esportazioei aplikatzen dizkieten tarifak parekatuko ditu. Europar Batasuna izango da kaltetu nagusietako bat.

Muga-zerga herrialde batek atzerritik erositako produktu bati ezartzen dio zerga da, prezioa igotzeko eta, ondorioz, eskaera apaltzeko asmoz.

Hortaz, AEBko produktuei ezarritako zergen araberakoak izango dira muga zergak; ez dira herrialde guztientzat berdinak izango.

"Justizia arrazoiengatik, muga-zergak ezarriko ditudala erabaki dut, eta horrek esan nahi du herrialde batek AEBri ordainarazten badio guk gauza bera kobratuko diogula, ez gehiago ez gutxiago", azaldu du Trumpek Bulego Obalean.

Trumpen gezurrak: BEZa "ezkutuko muga-zerga bat da"

Trumpek "merkataritzan erabat basatia" izatea eta BEZaren (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) bidez "ezkutuko zerga" gisa jo duena inposatzea leporatu dio Europar Batasunari, Luxenburgon % 17 eta Hungarian % 27 artekoa baita.

Nico Cuenca ekonomialariak Euskadi Irratian azaldu duenez, BEZa ez da muga-zerga bat, "mundu osoko ia estatu gehienetan aplikatzen den zerga bat" baizik. Hortaz, Trumpek "gezurra" esan eta "tranpa" egiten duela nabarmendu du. Horren esanetan, gainera, AEBk eta EBk elkarri ezartzen dizkioten muga-zergak aztertuz gero, Europar Batasunak Ameriketako Estatu Batuei muga-zerga gutxiago ezartzen dizkio, alderantziz baino, "batez besteko muga-zergak merkeagoak direlako Europan".

Europar Batasunari aplikatutako muga-zergak

Estatukide bakoitzak muga-zerga pertsonalizatuak izango ditu, AEBko goi-funtzionario batek memoranduma sinatu aurretik esandakoaren arabera. Ez da % 10eko edo % 25eko tarifa uniformea aplikatuko; aitzitik, Washingtonek tasa bereziak ezarriko ditu, estatu bakoitzak AEBri ezartzen dizkien muga-zergen eta "oztopoen" arabera.

Sektore kaltetuenak

Gaur egun, AEBk % 2,5eko zerga ezartzen dio inportatutako ibilgailuei, baina kopuru hori % 27ra igo daiteke.

Kontrara, EBk % 10eko muga-zerga ezartzen die inportatutako ibilgailuei, Europar Batasuneko BEZaz gain (gutxienez % 17koa da). Beraz, politika berriarekin, AEBk tarifa baliokidea aplikatuko luke, % 10eko muga-zerga eta BEZari dagokion ehunekoa batuz, eta horrek tasa % 27ra arte igo lezake.

Kaltetutako beste sektore batzuk erdieroaleen edo txipen sektoreak eta farmaziaren industria lirateke. Hain zuzen ere, EBtik AEBra gehien esportatzen duen sektoreen artean industria farmazeutikoa ageri da lehen postuan, Eurostat Europako Estatistika Institutuak 2023an argitaratutako azken datuen arabera, bigarren tokian ageri den autogintzaren aurretik.

Farmazia produktuei dagokienez, EBko herrialdearen arabera aplikatzen zaien BEZ zerga ezberdina da: % 5 Hungarian, % 4 eta % 21 artean Espainian eta % 19 Alemanian.

Noiz sartuko dira indarrean?

Muga-zerga berriak ez dira berehala sartuko indarrean, "asteak" edo "hilabeteak" igaroko dira, eta AEBrekin merkataritza defizit handiena duten estatuak zigortuko dituzte, goi-funtzionario batek memoranduma sinatu aurretik azaldu duenez.

"Mundu guztia AEBrekin aprobetxatu da, eta prezio altua ordaindu dugu horregatik. Ameriketako Estatu Batuek herrialde askori lagundu die, finantza kostu handiarekin urteetan zehar. Orain da garaia herrialde horiek euren alde egin duguna gogoratzeko, eta gu modu justuan tratatzeko", adierazi du Trumpek.

Dagoeneko Trumpek mundu osoko altzairuaren eta aluminioaren inportazioei % 25eko muga-zergak ezarri dizkio. Aipaturiko muga-zergak martxoaren 12an sartuko dira indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Batasun europarra Ameriketako Estatu Batuak bideoak Europa bideoak Ekonomia 2025 Gaurko titularrak Eguneko albisteak Donald Trump Merkataritza