Mundua -

Gerra komertziala

AEBk altzairu eta aluminioari ezarritako muga-zergei "neurri irmo eta proportzionalekin" erantzungo die EBk

Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak X sarean egin du iragarpena, J.D Vance AEBko presidenteordearekin bildu atarian. Dena dela, Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak nabarmendu du hitz egiteko prest daudela, gerra komertziala bientzat kaltegarria delakoan.

Von der Leyen, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE
Von der Leyen, artxiboko argazki batean.

Von der Leyen, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak altzairu eta aluminioaren inportazio guztiei ezarritako % 25eko muga-zergei "neurri irmo eta proportzionalekin" erantzungo die Europar Batasunak (EB), Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur jakinarazi duenez. Nolanahi ere, Bruselak ez dio negoziazioari atea itxi, eta ohartarazi du gerra komertziala bi aldeentzat kaltegarria dela.

"Benetan deitoratzen dut AEBk Europako altzairu eta aluminioari muga-zergak ezartzea erabaki izana. Zergok inposatutakoak dira: txarrak dira enpresentzat, eta okerragoak kontsumitzaileentzat", idatzi du Von der Leyenek adierazpen labur batean. Gerora sare sozialetan partekatu du oharra.

Von der Leyenen esanetan, "EBri jarritako muga-zerga justifikatuko gabeak ez dira erantzun gabe geratuko: neurri irmo eta proportzionalak ezarriko ditugu. EBk bere interes ekonomikoak defendatuko ditu. Gure langile, enpresa eta kontsumitzaileak babestuko ditugu".

EBren presidentea Parisen da egunotan, adimen artifizialaren gaineko goi bileran parte hartzen. Han da J.D. Vance AEBko presidenteordea ere, eta gaur goizean biltzekoak dira. 

Elkarrizketari atea zarratu barik

Von der Leyenek oharra kaleratu eta gutxira, hitzaldia egin du Europako Parlamentuan Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak. Azaldu duenez, Europak ez zuen "egoera honetara iritsi nahi" —beste herrialde bati muga-zergak ezartzera behartuta egotea—, baina azpimarratu du bere interesak defendatu behar dituela.

"Neurriren bat iragarri aurretik, Trumpen muga-zergen ondorioak aztertzen ari gara", zehaztu du.

Sefcovicen esanetan, "Europa elkarrizketa eraikitzailearen aldekoa da", eta hala, "biontzat mesedegarriak diren konponbideak negoziatzeko prest" azaldu da. "Asko dago jokoan, eta konpondu beharra dugu, hori baita logikoena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Europa Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Merkataritza Metalgintza