Mundua -
SU ETENA, KOLOKAN
Bahitutako "guztiak" larunbaterako askatzen ez badituzte Gaza "infernu" bihurtuko duela esan du Trumpek
"Apurka-apurka" barik, Hamasek bahitutako "guztiak" kolpean askatu beharko lituzkeela uste du AEBko presidenteak, eta larunbat eguerdira arte eman dio horretarako. Hori bai, aitortu du Israelek duela azken hitza.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak mehatxu argia egin dio Hamasi: bahitutako pertsona "guztiak" larunbaterako (hilak 15) askatzen ez baditu Gazako Zerrenda "infernu" bilakatuko du. Hori horrela, Israeli su-etena bertan behera uzteko eskatu dio.
"Nire ustez, bahitutako guztiak larunbateko 12:00etarako askatzen ez badituzte, une egokia litzateke Gaza infernu bilakatzeko", adierazi du Bulego Obalean egindako agerraldi batean. "Denak utzi behar dituzte libre, ez apurka-apurka: aurrena, bi; gero, bat; ondoren, hiruzpalau... Larunbata, 12:00etan. Horren ondotik, infernua", nabarmendu du.
Hitz horrek —"infernua"— duen esanahiaz galdetuta, horrela erantzun du Trumpek: "Laster deskubrituko duzue, laster jakingo du Hamasek zer nahi dudan esan".
Dena dela, AEBko presidenteak aitortu du Israelgo gobernuari dagokiola erabakia hartzea. "Nire iritzia ematen ari naiz. Israelek nahi duena erabaki dezake", esan du Times of Israel egunkariak jasotako adierazpenetan, eta bahitutakoak bizirik egotea zalantzan jarri du.
Trumpen mehatxuak Hamasen iragarpenaren ondotik heldu dira. Taldearen beso armatuak, Al-Qassam Brigadek, atzo jakinarazi zutenez, "eperik gabe" atzeratu du larunbaterako aurreikusita zegoen bahitu israeldarren eta preso palestinarren trukea, eta Israeli su etena urratzea leporatu dio. Besteak beste, Gazako Zerrendaren iparraldera bidean diren desplazatuen itzulera moteltzea egotzi die Hamasek Israelgo agintariei, baita biztanleria zibilari eraso egiten jarraitzea eta laguntza humanitarioa sartzea oztopatzea ere bai.
Itzulerarik ez, gazatarrentzat
Bestalde, Gazako Zerrendatik palestinarrak kanporatzeari buruz duen plana ahotan, Trumpek baztertu egin du itzultzeko aukera izatea, baina erantsi du "askoz hobea" izango den leku "iraunkor" batean biziko direla.
"1,9 milioi lagunen hartzeko komunitate ederrak eraikiko ditugu", azaldu du handi-mandiak Fox Newsen egindako elkarrizketa batean. Besteak beste, Gazan eraikin eta azpiegitura berri mordoa eraikitzea planteatzen duen egitasmoa defendatu du berriro, Israelgo Armadak urte eta erdiko erasoaldian Zerrenda suntsitu ostean.
Zentzu horretan, "urteak" igaroko lirateke palestinarren lurraldea berreraiki baino lehen, bere hitzetan, "ez baita bizitzeko moduko" tokia.
"Uste dut akordio ona lor dezakedala Jordaniarekin eta Egiptorekin", gaineratu du Trumpek, nahiz eta bi estatuek dagoeneko baztertu duten palestinarrak deserriratzea aurreikusten duen ekimen oro.
Izan ere, nazioartean estatu gehienak AEBko Gobernuaren proposamen horren aurka agertu dira. Israel aztertzeko prest azaldu den bakarrenetarikoa da. Trumpek ikusten du Gazan "Ekialde Hurbileko Riviera" posible dela, eta Zerrenda "erosi" eta kontrolatu nahi du.
Hamas: "Gaza ez da erosi eta saldu daitekeen jabetza"
Bestalde, Izzat Al-Rishq Hamasen zuzendaritza politikoko kidearen hitzetan, Trumpen adierazpenek Palestinari eta Ekialde Hurbilari buruzko "ezjakintasun sakona" islatzen dute, eta esan du "zentzugabeak" direla.
"Gaza ez da erosi eta saldu daitekeen jabetza bat, okupatutako Palestinaren zati integral bat da", gogorarazi du erresistentziako kideak ohar batean.
Al-Rishqek salatu du Palestinako auzira inbertitzaile baten pentsamoldearekin hurbiltzea "porroterako errezeta" dela, eta azpimarratu du palestinarrak edozein deserriratze egitasmo zapuztuko duela.
"Gaza herriarena da, eta ez dute utziko, 1948an okupatu zituzten hirietara eta herrixketara itzultzea ez bada", gogorarazi du Nakbari ("hondamendia", arabieraz) erreferentzia eginez. Milizia sionisten ekintza dela eta, 700.000 palestinar inguru etxeetatik kanporatu zituzten orduan.
Khalil Al-Hayya Hamasen buruzagiak adierazi du Trumpen egitasmoak "porrot hutsa" direla.