Mundua -

Gaza

"Deserriratze oro erabat debekatuta" dagoela gogorarazi dio NBEk Trumpi

Nazioarteak, Israelek izan ezik, ia aho batez errefusatu du AEBko presidenteak Gaza "kontrolpean hartzeko" eta berreraikitzeko duen ideia, "Ekialde Ertaineko Riviera" berria bihurtuz.

Gaza hiriko Al-Shifa ospitalearen hondakinak, Israelek suntsitu ondoren. Argazkia: EFE
Gaza hiriko Al-Shifa ospitalearen hondakinak, Israelek suntsitu ondoren. Argazkia: EFE

Gaza hiriko Al-Shifa ospitalearen hondakinak, Israelek suntsitu ondoren. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteak, Israelek izan ezik, ia aho batez errefusatu du Donald Trump AEBko presidenteak Gazako Zerrendaren "kontrola hartzeko" eta berreraikitzeko agertu duen asmoa. "Ekialde Ertaineko Riviera" berria bihurtuko duela esatera iritsi da Trump, hori bai, palestinarrak beste estatu batzuetara betirako erbesteratuz.

Hala, Volker Turk Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen goi mandatariak erantzun egin dio Trumpek palestinarrak Gazatik botatzeko ideiari, "okupatutako lurralde batetik pertsonak deserriratzea edo derrigorrez lekualdatzea erabat debekatuta" dagoela gogoraraziz.

"Nazioarteko zuzenbidea oso argia da, autodeterminazioa oinarrizko printzipioa da eta Estatu guztiek babestu behar dute, Nazioarteko Justizia Gorteak orain dela gutxi azpimarratu duenez", adierazi du Turkek.

Aurretik, Mahmud Abas Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteak arbuiatu egin du Trumpen proposamena, eta gogorarazi du Gaza Palestinako Estatuaren "zati integrala" dela.

Bitartean, Hamas Palestinako erresistentzia mugimenduak "arrazistatzat" jo du proposamena, eta esan du gazatarrek "euren lurrari atxikita" jarraituko dutela eta ez dutela egitasmo hori onartuko, "kostua kontuan hartu gabe".

Emakume bat Al Shifa ospitaleko hondakinen aurrean, Gazan. Argazkia: EFE

Arabiar Ligak errefusatu egin du Palestinako biztanleria Gazatik kanporatzea, eskualdean ezegonkortasunaren iturritzat jo baitu, eta Gaza eta Zisjordania, banandu gabe, batuta egongo diren Estatu palestinar independente baten alde dagoela berretsi du.

Badr Abdelaty Egiptoko Atzerri ministroak Mohamed Mustafa Palestinar Aginte Nazionaleko lehen ministroari Kairon egindako bisitan azpimarratu dionez, garrantzitsua da Gaza berreraikitzea, baina palestinarrek Zerrenda "utzi gabe". Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak "onartezintzat" eta "txartzat" jo du AEBko presidentearen proposamena.

Txinako Gobernuak errefusatu egin du Zerrendako palestinarren "derrigorrezko deserriratzea" aurreikusten duen edozein plan. "Gazako bizilagunak nahitaez deserriratzearen aurka gaude", esan du Lin Jian Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Pekinen jarrera "oso argia" dela eta "palestinarrek Palestina gobernatu behar" dutela erantsi du.

"Deserriratzeari buruz, bai, Trumpen adierazpena entzun dugu. Eta Amanen (...) eta Kairoren (...) adierazpenak ere ikusi ditugu, non ideia hori arbuiatu dute", esan du Dmitri Peskov Errusiako presidentearen bozeramaileak bere eguneroko prentsaurrekoan.

Era berean, Errusiak Palestinako gatazka konpontzeari buruz duen jarrera "aski ezaguna" azpimarratu du, bi estatuen irtenbidea babestean oinarritzen dena, "herrialde gehienek" eta NBEren ebazpenek babestu dutena. "Konponbide posible bakarra dela uste dugu", azpimarratu du.

Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak adierazi duenez, palestinarrak Zerrendatik ateratzeko AEBren egitasmoa "ulertezina" da. "Ez du zentzurik AEBko presidentea Israelgo lehen ministroarekin biltzeak eta Gaza berreskuratu eta okupatuko dutela esateak... eta palestinarrak nora doaz? Non biziko dira?", adierazi du brasildarrak tokiko irratiekin egindako elkarrizketa batean.

Gainera, Lulak zalantzan jarri du AEB "Gaza zaintzeko" estaturik egokiena izatea, Israelek egindako sarraskian estatu sionista erabat babestu duenean. Palestinarrak direla hori egin behar dutenak gaineratu du.

Mikel Ayestaran: ''Dena kolokan dago Estatu Batuen Gazarako etorkizuneko planak ezagutu ondoren''
Mikel Ayestaran: ''Dena kolokan dago Estatu Batuen Gazarako etorkizuneko planak ezagutu ondoren''

Mikel Ayestaran: ''Dena kolokan dago Estatu Batuen Gazarako etorkizuneko planak ezagutu ondoren''

0:33

Frantziako Gobernuak Gazako Zerrendako palestinarren "nahitaezko desplazamenduen" aurka dagoela azpimarratu du; izan ere, "Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa larria izango litzateke" eta "palestinarren helburu legitimoen aurkako erasoa".

Alemaniaren aldetik, Annalena Baerbock Atzerri ministroa bat etorri da palestinarren deserriratzea "onartezina" izango litzatekeela eta Nazioarteko Zuzenbidea urratuko lukeela esatean. "Ez da palestinarren gainetik igaroko den konponbiderik egon behar", ohartarazi du, "bi Estatuen irtenbide negoziatu" baten aldeko adierazpenean.

Bestalde, David Lammy Erresuma Batuko diplomaziaburuak berretsi du Londresek babesa ematen diola bi estaturen konponbideari. "Palestinarrek Gazan eta Zisjordanian bizi eta aurrera egiten dutela ikusi behar dugu", eskatu du kazetarien aurrean, Ukrainara egindako bisita batean, BBC telebistaren arabera.

Palestinarrak Gazatik beste estatu batzuetara deportatzeko plana "martxan jartzea zaila da", ohartarazi du Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroak, Italiak bi estatuen irtenbidea babesten duela berresteko. "Gazako biztanleria zibilaren ebakuazioari dagokionez, Jordaniaren eta Egiptoren erantzuna negatiboa izan da, beraz, martxan jartzea zail samarra dela iruditzen zait", onartu du Tajanik.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak errefusatu egin ditu Trumpen planak, eta "gazatarrek Espainiak babestuko dituela jakin behar dute", gaineratu du. "Gaza palestinar gazatarren lurraldea da, Gazan jarraitu behar dute, Gaza etorkizuneko Estatu palestinarraren parte delako, eta Espainiak horren aldeko apustua egiten duelako", berretsi du Espainiako ministroak.

Azkenik, Paul O 'Brien Amnistia Internazionalaren AEBko zuzendariak esan du palestinarrak Gazatik kanporatzea "herri gisa suntsitzea" izango litzatekeela. AEBk Zerrendan konpondu nahi duena Israelek suntsitu duela gogorarazi dio Aik Trumpi. "Israelgo Gobernua milaka zibil hiltzen ari da, askotan bonba estatubatuarrekin", idatzi du O 'Brienek X sare sozialean.

 

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Erresuma Batua Espainia Alemania Frantzia Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Turkia Donald Trump Israel Palestina Brasil Egipto Ekialde Hurbila Hamas