Mundua -
EKIALDE HURBILA
Yemenek jaurtitako misil batek alarmak piztu ditu Jerusalemen eta Israelgo beste eremu batzuetan
Bestalde, NBEk gezurtatu egin du Israel, eta esan du Yemenen jo zituen azpiegiturek erabilera zibila dutela, eta horiek errespetatzeko eskatu dio.
agentziak | eitb media
Alarmak piztu dira gaur goizaldean Israelgo leku batzuetan, Jerusalemen tartean, Yemendik jaurtitako misil baten eraginez. Lehenengo aldiz entzun dira alarmak urriaren 1ean Iranek 200 misil jaurti zituenetik.
Israelgo Armadak azaldu duenez, "duela gutxi Jerusalem eta Itsaso Hilaren inguruan entzun diren sirenen ostean, Israelgo Aireko Indarrek Yemendik Israelerantz zihoan misil bat geldiarazi dute".
Gainera, Israelgo larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, ez da inor zauritu, eta soilik antsietate-krisia izan duten pertsona batzuk artatu behar izan dituzte.
Yemengo huthiek Ben Gurion Israelgo aireportuari egin zioten eraso ostiral goizaldean, Tel Avivetik gertu, Israelgo Armadak ostegun arratsaldean Sanako aireportuaren eta beste azpiegitura batzuen aurka egin zituen erasoei erantzuteko.
Yemengo huthiek ostiralean ohartarazi zuten erantzuna "berandu baino lehen" iritsiko zela, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak berretsi zuen Yemengo huthiak indargabetu arte jarraituko duela, "Iranen talde terrorista" dela iritzita.
NBEk gezurtatu egin du Israel
Nazio Batuen Erakundeak gezurtatu egin zuen atzo Israel, eta esan zuen Sanako aireportua eta Al-Hudaidako portua, Israelek bonbardatutakoak, azpiegitura zibilak direla, ez militarrak.
Julien Harneis NBEk Yemenen duen koordinatzaileak azaldu zuen Sanako aireportua erabilera zibilekoa dela, eta egunean operazio bakar bat egiten dela bertan, Ammanera doan hegaldi bat, nazioarteko negoziazioen emaitza dena.
Gainera, NBEk berak erabiltzen du material humanitarioa jasotzeko, eta misio jakin batzuetarako. Osasun arazo larriak dituzten yemendarrak garraiatzeko aireportu bakarra omen da.
Horregatik guztiagatik, NBEk azpiegitura zibilak errespetatzeko eskatu dio Israeli, "aireportuaren aurkako erasoek herrialdearen sorospen jarduerak eteten dituztelako".