Mundua -
Berrirekiera
Ireki dute, ofizialki, Notre Dameko katedral berritua
Mundu osoko dozenaka agintari izan dira irekiera ekitaldian. Urtean 12 milioi bisitari erakartzen zituen erre aurretik. Parisko lekurik bisitatuena zen, Eiffel dorrearen aurretik.
EITB Media
Laurent Ulrich Parisko artzapezpikuak Notre Dameko katedrala ofizialki ireki du larunbat honetan. Hirutan kolpatu ditu katedraleko ateak barrutik koruek erantzuten zioten bitartean, eta hirugarren saioaren ondotik sartu da barrura.
Notre Dameko koruko kantariek Bibliaren 121. salmoa abestu dute artzapezpikuak Notre Dameko ateak irekitzeko eskatu duen bakoitzean kolpeei erantzunez: "Mendietara begiratzen dut; nondik etorriko zait laguntza? Jaunarengandik datorkit laguntza, zeruaren eta lurraren sortzailearengandik".
Haizea eta euria dela eta, berrantolatu egin behar izan dute zeremonia. Bertan izan dira mundu osoko dozenaka agintari, hala nola Donald Trump AEBko presidente hautatua, Jill Biden egungo lehen dama, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea.
Trump eta Zelenski Eliseotik joan dira Notre Damera, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak antolatutako topaketaren ondoren.
Bilera horren ondorioz, Macron eta Brigitte emaztea uste baino beranduago iritsi dira katedraleko zabalgunera. Bertan, karpa bat zegoen iristen ziren estatuburu eta gobernuburuei agurra egiteko, eta Frantziako presidentearen faltan, Michel Barnier jarduneko lehen ministroa arduratu da lehen ongietorriak egiteaz.
Zelenski Macron baino minutu batzuk beranduago iritsi da, eta txaloka hartu dute Notre Damera sartu denean.
Elon Musk enpresari aberatsa izan da bertaratuen arreta bereganatu duen pertsonetako bat, eta hamaika argazki atera ditu horiekin.
Munduko errege-erreginen ordezkaritza zabal batek ere hartu du parte zeremonian, Galesko William printzeak eta Belgikako errege-erreginek, esate baterako.
Gonbidatu guztiak barruan zeudela, elizkizunaren hasiera adierazi dute kanpaiak jota; Macronek, horren emazteak eta Anne Hidalgo Parisko alkateak fatxadaren aurrean zutik entzun duten kanpai hotsa.
Ondoren, Parisko artzapezpikuak, beste elizgizon batzuk ondoan zituela, prozesio labur bat egin du zurezko gurutzearekin, eta ateak jo ditu. Ateak ireki ondoren, ur bedeinkatua zeraman uraskara joan da kanpora itzuli aurretik, Macron, Frantziako lehen dama eta Parisko alkatea sartzera gonbidatzeko.
Horrekin eman zaio hasiera zeremoniaren hurrengo atalari. Macronek hitzaldia eman du, eta, ondoren, artzapezpikuak hartu du berriz hitza, erritu erlijiosoekin jarraitzeko.
2019ko apirilaren 15ean suntsitu zuen sute batek Notre Dame katedrala, eta Parisko ikonoetako bat oso egoera larrian geratu zen. Orain, obra faraonikoa amaitu ondoren, katedralak bere distira guztia berreskuratu du.
Igandean, abenduaren 8an, ekitaldi erlijiosoak izango dira nagusi. Meza izango da 10:30ean, eta aldarea kontsakratuko dute.