Mundua -
Gazako Zerrenda
Jose Andres sukaldariaren Gobernuz Kanpoko Erakundeko hiru langile hil ditu Israelek
Erasoa gertatu eta gutxira, Israelgo Armadak adierazi du hildakoetako batek (Hazmi Kadih) iazko urriaren 7an Nir Oz kibbutzean izandako erasoan parte hartu zuela. Sukaldari ezagunaren GKEak Gaza uztea erabaki du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez bost palestinar, tartean World Central Kitchen (WCK) Gobernuz Kanpoko Erakundeko (GKE) hiru behargin hil ditu Israelek, Jan Yunis hirian, Gaza hegoaldean, drone batekin burututako erasoan. Apirilean, erakunde horretako beste zazpi langile hil zituen.
Laguntza konboi baten aurka oldartu dira hainbat lagun, barruan zituen elikagaiak lapurtzeko asmotan. Une horretan, drone batek tiro egin dio kamioetako baten atzealdeari, lekuko batek EFE albiste agentziari jakinarazi dionez.
Orduan, laguntzera joan dira hainbat lagun, eta droneek bigarren misil bat jaurti dute lur orotako ibilgailu baten aurka. Jeep horretan aipatu GKEko hiru langileak zihoazen.
Dirudienez, hildakoetako bat sukalde komunitarioen WCK-ko arduraduna zen, Jan Yunisen; beste bat, gidaria; eta hirugarrena, ebaluazio burua.
Erasoa gertatu eta gutxira, Israelgo Armadak adierazi du hildakoetako batek (Hazmi Kadih) iazko urriaren 7an Nir Oz kibbutzean izandako erasoan parte hartu zuela. "Inteligentzia zerbitzuek eman ziguten horri buruzko informazioa, eta horri esker jakin dugu non zegoen", esan dute.
"Hiltzaileak WCK erakundearentzat egiten zuen lan", seinalatu dute oharrean. Gainera, nazioarteko komunitateari eta Gobernuz Kanpoko Erakundearen administrazioari eskatu diote iker dezatela WCKren kontratazioa.
Jose Andres sukaldari ezagunaren GKEak Gaza uztea erabaki du erasoaren ostean.