Mundua -
Gerra Libanon
Su-etena adostear dira Israel eta Hezbollah Libanon
Israelgo enbaxadoreak baieztatu duenez, negoziazioak aurreratuta daude. Ameriketako Estatu Batuek akordiorako proposamena egin zuten, eta gaur Israelen Segurtasun Kabinetea bilduko da dokumentuari oniritzia emateko.
Agentziak | EITB MEDIA
Israelek NBEn duen enbaxadore Danny Danonek astelehen honetan Segurtasun Kontseiluaren aurrean baieztatu duenez, Libanon su-etena lortzeko negoziazioak aurreratuta daude, baina zalantzan jarri du Hezbollah talde xiita libanoarraren jarrera.
"Libanon su-etena lortzeko bidean gaude, baina, aldi berean, Hezbollahk 500 kohete baino gehiago jaurti ditu milioika israeldarren aurka, duela 24 ordu. Asteburuan zehar, 500 suziri erori dira familia errugabe, eskola eta etxeen gainera", adierazi du.
Amos Hochstein bitartekari estatubatuarra joan den astean egin zuen su-eten baterako akordio-proposamena, eta Benjamin Netanyahu Israelen lehen ministroak onartu omen zuen.
Su-etenerako proposamenak hiru etapa ditu: Hezbollahren indarrek Litani ibaiaren iparraldera atzera egitea, Israelen tropek Libano hegoaldetik erabat erretiratzea eta, azkenik, Israelen eta Libanoren arteko negoziazioak abiatzea bi herrialdeen arteko muga zehazteko; izan ere, muga hori 2006ko gerraren ondoren finkatu zuen NBEk.
Israelen Segurtasun Kabinetea gaur, asteartea, bilduko da Tel Aviven, AEBren proposamenari oniritzia emateko.