Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak kontinente arteko misila jaurti du lehen aldiz Ukrainaren aurka, Ukrainako armadaren arabera
Errusiak ez du oraingoz erasoa baieztatu, baina Kremlinak ziurtatu du gatazka nuklearra eragozteko ahal duen guztia egiten ari dela. Ukrainako armadak Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren misilak erabili ditu aste honetan Errusiaren aurka.
AGENTZIAK | EITB Media
Errusiako Armadak kontinente arteko misila jaurti du lehen aldiz Ukrainaren aurka, Ukrainako armadak ostegun honetan ziurtatu duenez. Horrez gain, Kh-47M2 Kinzhal misil bat eta sei kh-101 misil ere bota omen ditu.
Ukrainako Armadaren arabera, Errusia hegoaldeko Astrajan eskualdetik jaurti dute kontinente arteko misila Dnipro hiriaren kontra. Hala ere, ez du zehaztu zein motatakoa izan den. Hedabide ukrainarrek jakinarazi dutenez, RS-26 Rubezh motakoa izan da, 5.800 kilometroko irismena eta karga nuklearra eramateko gaitasuna duena.
Andri Kovalenko Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako buruak Telegram kanalean jakinarazi duenez, Ukrainak dronekin eraso egin dio Astrajan eskualdeari.
Zazpi kh-101 misiletatik sei botatzea lortu du Ukrainako armadak, baina, ez, ordea, kontinente arteko misila eta Kh-47M2 Kinzhal deiturikoa, Errusiak dituen misilen artean sofistikatuenetakoak direnak.
Dnipro hiriaren aurkako erasoak ez du aparteko kalterik eragin, Ukrainako armadaren arabera.
Dnipro hiriburu duen Dnipropetrovsk eskualdeko agintariek jakitera eman dutenez, Errusiaren eraso masibo batek kalteak eragin ditu hiriko "industria azpiegitura" batean.
Ukrainak Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren irismen luzeko misilak erabili ditu aste honetan Errusiako lurraldean eraso egiteko, eta horrek Ukrainako gerra koska bat laztea eragingo duela adierazi du.
Errusiak ez du ez baieztatu ez gezurtatu
Gaur-gaurkoz, Errusiak ez du baieztatu ez gezurtatu kontinente arteko misila jaurti duen; aitzitik, gatazka nuklearra eragozteko ahal duen guztia egiten ari dela nabarmendu du.
Errusia jarrera arduratsua izaten ari dela azpimarratu du gaur Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, eta beste herrialde batzuek ere "jarrera arduratsu bera" izatea eta probokaziorik ez egitea espero du.
Halaber, ez du kontinente arteko misilari buruzko aipamenik egin, Defentsa Ministerioak goizeko gerra partean egin bezala.
Gerra "kuantitatiboki eta kualitatiboki" lazteko nahia ikusten du Europar Batasunak
Ukrainak kontinente arteko misil bat Dnipro hirian jaurti izana egotzi dio Errusiari, eta Europar Batasunak uste du horren atzean Ukrainako gerra "kuantitatiboki eta kualitatiboki" estutzeko nahia dagoela.
Peter Stano Europako Batzordearen bozeramaileak ostegun honetan kazetarien aurrean azaldu duenez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez duela bakea bilatzen erakusten duen beste "seinale argi bat" da.