Mundua -
Ekialde Hurbila
Beiruten aurkako eraso oldea egin du Israelek, eta Hezbollahren komunikazio arduraduna hil du
Libanoko Osasun Publikoko Ministerioak adierazi duenez, pertsona bakarra hil da eraso horretan, hots, Afif komunikazio burua, eta hiru lagun zauritu dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelek eraso oldea egin du gaur, igandearekin, Beirut erdialdean eta mendebaldean. Azken hilabetean lehenengoz erasotu du zuzenean Libanoko hiriburua. Eraso horretan Hezbollahren komunikazio arduradun Mohamed Afif hil du.
Baaz alderdiaren egoitza eta Afif bera (Baazen azken prentsaurrekoak emateaz arduratu da) zituen jomugan leherketak.
Libanoko Osasun Publikoko Ministerioak adierazi duenez, pertsona bakarra hil da eraso horretan, hots, Afif komunikazio burua, eta hiru lagun zauritu dira.
Oraingoz, baina, Hezbollahk ez du horren heriotza ofizialki baieztatu.
Beirut mendebaldean egindako erasoa
Esan bezala, Beiruten aurka indarrez oldartu da berriro ere Israel. Hiriaren mendebaldean, Mar Elias kaleko eraikin baten aurka egin du, Libanoko Albiste Agentzia Nazionalak jakitera eman duenez, nahiz eta ez duen zehaztu zer eraikin mota zen.
Erasoan bi pertsona hil eta hamahiru zauritu dituzte, Osasun Ministerioaren arabera.